14 urtetik beherakoen Arabako Bertso Eskolartekoa modu birtualean izango da

Lanak banaka edo taldeka aurkez daitezke eta posta elektroniko bidez bidali beharko dira maiatzaren 21a baino lehen araba@bertsozale.eus helbidera.

Aurtengo 14 urtetik beherako Arabako Bertso Eskolartekoa desberdina izango dela iragarri du Bertsozale Elkarteak. Orain arte maiatzean egin izan da, baina koronabirusaren krisiaren eraginez, birtualki egitea erabaki dute. “Maiatza kobazulotik apurka- apurka ateratzeko garaia izango dela dirudi, baino egoera arraro honetan topaketak, jende aurreko emanaldiak eta festak izan ohi zirenak egokitu beharra izan dugu halabeharrez. Horrek ez du Arabako Eskolarteko Bertso Txapelketa geldiaraziko ordea. Haurren sormenari bidea eman behar zaio!”.

Hala, 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoek bertso idatzien lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute udaberrian. Bertsolaritza ikastetxean edo bertso-eskolan lantzen dutenak hasiak dira dagoeneko lanak prestatzen bertsolaritza irakasleen laguntzaz. Maiatzean zehar eskualde bakoitzeko lan aukeratuak bertsozale elkartearen webgunean argitaratuko dira. Ekainaren 6ean finalistak zeintzuk diren jakinaraziko da, eta finalistek, Hontza Extrem abentura parkera txangoa izango dute irailaren 13an.

Hiru gai  daude aukeran: “Nola ikusten duzu mundua etorkizunean?”, “Animalia bihurtzeko aukera bazenu ze animalia aukeratuko zenuke eta zergatik?” eta “Ikusezina bazina, zer egingo zenuke?”

Lanak banaka edo taldeka aurkeztu daitezke eta posta elektroniko bidez bidali beharko dira maiatzaren 21a baino lehen araba@bertsozale.eus helbidera.

Bertsoekin batera parte hartzaileen izen abizenak, ikastetxea eta maila jarri beharko da eta baita kontaktatzeko modua ere.

Zabaldu: