'Ipuinaren ordua' Izaskun Mujika

Espazio berriak DKEtxean agendan

Donostia Kulturak programazio biziaren sorta proposatuko du; Beste hainbat zerbitzu online – eLiburutegia, DK Irratia, San Telmo museoko erakusketa birtualak, Filmin atarira igotako filmak eta beste hainbat eskaintzekin batera.

Duela astebete, Donostia Kulturak kultur eduki berriak sartu zituen bere programazioan, bertako artista eta sortzaileek espresuki #DKEtxean agendarako sortuak.

Orain, beste honako espazio berri hauekin osatuko du emankizun-zerrenda:

DK Etxean Koadernoa: Donostiako idazleek kontakizun labur argitaragabeak eskainiko dituzte, bai eta egoera berezi honetarako bereziki sortutako ilustrazioak ere. Eguneroko eskaintza da –astelehenetik ostiralera–, donostiakultura.eus ataritik eta sare sozialetatik egiten dena. Aste honetan, Juan Kruz Igerabide, Julia Otxoa eta Luisa Etxenike izango dira, Aste Santuko jaiegunetan irakur eta goza ahal ditzagun. Aste Santutik aurrera, euskal ilustratzaileak gehituko zaizkio Koadernoa-ri, une hauetaz duten ikuspegia eskaintzeko.

Literatur eskaintza joan den astelehenean hasi zen, martxoaren 30ean, eta ipuin-kontalari batek jardun du Ipuinaren orduan. Programa hori egunero izaten da, 16:00etan, eta familia guztiarentzako ipuin bat eskaintzen da, euskaraz, salbu eta igandeetan, egun horretan ipuina gaztelaniaz kontatzen baita. Larunbatetan, gainera, zeinuen hizkuntzan ematen da. Aste honetan, Lur Korta, Saioa Aizpurua, Lur Usabiaga, Bego Gonzalez eta Izaskun Mujika izango ditugu ipuin-kontalari.

Aste honetan, gainera, Antzokian Etxean programan, Maribel Salas, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola, Iñaki Salvador eta Dani Iglesiasen emanaldiak izango dira. Antzokian Etxean tarteak eszenako ikuskizunen agenda osatzen du –antzerkia, musika eta dantza–, ostegunetik igandera, 19:00etan. Bertako artista eta sortzaileek beren ikuskizunen edota sorkuntza berrien pilulak eskaintzen dituzte formatu berri honetan. Kontzertuak, bakarrizketak, koreografiak… dira, 5 eta 15 minutu artekoak, eta primizia gisa goza daitezke Donostia Kulturako kanaletatik.

Gainera, Larrotxene Bideotik (Intxaurrondo K. E.), zenbait eduki eskainiko dira astean zehar, bai Youtuben eta bai Twitch-en. Hasiera honetan, honako hauek:

-After effects tutoriala: gaurtik aurrera, Larrotxeneko komunitateak aspaldi eskatutako formakuntza da. Interfazetik hasita, komunitateari software hau nola erabili erakutsiko zaio. Bideotutorialak Larrotxeneko Youtube kanalean argitaratuko dira eta astean behin zuzeneko emanaldiak antolatuko dira.

-Narrazio digitalekin zerikusia duten gaien inguruko mikro-magazina da. Bideo-jokoak, ARG-ak, Errealitate birtuala, Errealitate Areagotua, Sare sozialen bidezko kontakizunak. Apirilaren 15ean jarriko da abian programa hau.

-Apirilaren 10etik aurrera, azkenik, Twitch plataforma erabiliko da Larrotxeneko hainbat film labur zuzenean eskaintzeko. Emanaldi bakoitza gai konkretu baten inguruan antolatuko da eta ikusleek zuzenean idatzizko iruzkinak egin ahal izango dituzte.

Asteko piezari dagokionez, San Telmo Museoak asteazkenean Serten mihiseak izango ditu hizpide, museoaren ondarearen altxorretako bat. #STMkuttunak-en mihiseei buruzko informazioa eta baliabideak bilduko dituzte, bai eta erabilitako teknikari eta zaharberritze lanei buruzkoa, besteak beste.

Horrela, egungo etxealdia mantentzen den heinean, Donostia Kulturak programazio biziaren sorta proposatuko du; Beste hainbat zerbitzu online – eLiburutegia, DK Irratia, San Telmo museoko erakusketa birtualak, Filmin atarira igotako filmak… – mantenduz.

Zabaldu: