'Hondar ahoak' telesaila Estatu frantsesean estreinatuko da (argazkia: Txintxua Films)

15 euskal ekoizpen Nantesko zinemaldian

Bost film luze, bederatzi labur eta telesail bat eskainiko ditu jaialdiko Fenêtre Basque zikloak. Ekitaldia martxoaren 8tik 20ra bitartean egingo da, eta euskal zinegileen ordezkaritza zabala izango du.

Nantesko zinemaldiaren baitan urtero egiten den Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloa Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zinema programazio zabalenetakoa da. Etxepare Euskal Institutuak babesten duen atal honek urteko euskal ekoizpen nabarmenen eta, oro har, euskal zinemagile garrantzitsuenen lanen hautaketa bat proposatzen du.

Guztira, 15 izango dira aurtengo edizioan, martxoaren 8tik 20ra bitarte, ikusi ahal izango diren euskal ekoizpenak: bost film luze, bederatzi labur eta telesail bat. Horietatik bost ekoizpen sail lehiakorretan ere egongo dira.

Maixabel (2021), Iciar Bollainek zuzendutako euskal ekoizpena da luzemetraietako bat. Marc Sempere eta Leire Apellanizen Canto cósmico. Niño de Elche (2021) dokumental onenaren saria eskuratzeko lehiatuko da. Lan honek Niño de Elche espainiar musikari eztabaidagarriaren esfera intimo eta unibertso poetikoan murgiltzen du publikoa.

Chema Garcia Ibarrak zuzendutako Espíritu sagrado (2021) opera prima lehenbiziko film luze onenaren saria eskuratzen saiatuko da. Elementu paranormalak eta misterioa uztartzen dituen pelikula hau harrigarria bezain sailkaezina da.

Igor Legarretaren Ilargi guztiak (2021) ipuin onirikoak eta Maider Oleagaren Kuartk Valley dokumentalak (2021) osatzen dituzte Fenêtre Basque-ko film luzeak.

Koldo Almandozek zuzendutako Hondar ahoak (2020), lau ataleko mini-seriearen frantziar estreinaldia egingo da Nantesko jaialdian.

Jaialdiko film labur onena izateko hautagaien artean bi euskal zinegile daude. David Perez Sañudo, Au pair (2021) laburrarekin, eta Mikel Gurrea Heltzear-ekin (2021). Azken hau Kimuak 2021 bilduman aukeratutako film laburra.

Fenêtre Basque-ren baitan, aurreko edizioetan bezala, Kimuak 2021 aukeraketan jasotako gainerako lanak ere ikusi ahal izango dira: Azaletik azalera’(2021), Mel Arranz; Berak baleki (2021), Aitor Gametxo; Inner Outer Space (2021), Laida Lertxundi; Resonancias (2021), Iñigo Aranburu; Trumoiak (2021), Iker Maguregi; Ur azpian lore (2021), Aitor Oñederra eta Zerua blu (2021), Lur Olaizola.

Azkenik, aipatzekoa da, jaialdiak pasa den urrian zendu zen Luis de Pablo musikagile bilbotarra omenduko duela Gaslin antzokian. Bere musika Victor Ericeren El espíritu de la colmena, Antonio Eceizaren Las secretas intenciones edota Carlos Sauraren filmografian aurki daiteke.

Euskal zinemaren ordezkaritza zabala

Euskal zinemaren erakusleiho zabal eta heterogeneo honen osagarri gisa, hainbat gonbidatu gerturatuko dira Nantesera egunotan: Koldo Almandoz, Leire Apellaniz, Marc Sempere, Chema Garcia Ibarra, Igor Legarreta, Maixabel Lasa eta Iciar Bollain.

Horrez gain, epaimahaian Michel Gaztambide gidoilaria eta Kristina Zorita EITBko kazetaria egongo dira.

Zabaldu: