(argazkia: Ekain galeria)

Rosa Valverde artistaren artelanen erakusketa Donostiako Ekain arte galerian ikusgai

Erakusketa apirilaren 2ra arte egongo da zabalik. Bertan, artistaren 27 grabatu bildu dituzte.

Rosa Valverde (Donostia, 1953-Azkaine, 2015) artistak mota ezberdinetako sorkuntza artistikoak  jorratu zituen bere ibilbide artistikoan: margolanak, marrazkiak, grabatuak, objektu-eskulturak eta baita arte kaxak ere, azken hauek batez ere 2000. urtetik aurrera.

Donostiako Ekain arte galeriak artistaren grabatu bilduma aurkeztu du. Antolatzaileen esanetan, “lehenengo grabatuak Oiartzungo etxean egin zituen, bere aita Antonio Valverde Aialdek aparteko estudioa zuen grabatuak egiteko, torkulu eta guzti”.1987an Florentziara (Italia) joan zen grabatuari buruzko ikasketak egitera. Bertan bi urte eman zituen, Oiartzungo etxera itzuli zen arte. Euskal Herrian beste grabatu batzuk egin zituen.

Rosa Valverde ‘Arte Kaxak’

Ekain arte galerian dauden obrez gain, Donostiako San Telmo Museoan ere Rosa Valverderen beste artelan batzuk ikusteko aukera egongo da hil honen 13ra arte. Bertan, artistaren Arte Kaxak ikus daitezke. Egileak sortutako kaxa guztien ia erdia bildu da Donostiako museoan erakusketa horretarako. Bisitariari haren unibertsora hurbiltzeko aukera ematen dio bilduma horrek. 1975. eta 2012. urteen artean sortutako kaxak dira. Horiekin batera, artistari buruzko bideo bat eta tamaina handian erreproduzitutako bi argazki ere ikus daitezke.

Gainera, Baginen Bagara erakusketan San Telmo Museoan bere margolan batzuk ere ikusgai daude.

Zabaldu: