18 film lehiatuko dira Ikuspuntu jaialdiaren Sail Ofizialean

Guztira, 800 film inguru erregistratu ziren, eta horien artetik hautatu dira Sail Ofizialean parte hartuko dute hamar film luzeak eta zortzi laburrak.

Ikuspuntu zinema jaialdiaren hamazazpigarren edizioa martxoaren 27tik apirilaren 1era bitartean egingo dute Iruñean. Aurtengoan 18 film arituko dira lehian; besteak beste, Sharon Lockhart, Miryam Charles, Ignacio Agüero edo Alassane Diago zinemagile ezagunen lanak eta Peru Galbete, Malena Zambrani edo Gábor Varga hasiberrienak ere ikusi ahal izanen ditugu.

Sail Ofizialaren barruan, munduko sei estreinaldi, nazioarteko estreinaldi bat, Europako zortzi estreinaldi izanen dira. Hautaketa batzordeak nabarmendu duenez, “izena eman duten filmak kalitate handikoak eta askotarikoak izan dira, eta ekoizpen dokumentalaren egoera gaur egun mundu osoan zein den adierazten dute”.

Peter Nestler eta Bitartekaritza programa, dagoeneko iragarri diren zenbait edukiren artean

Azken asteetan, aurtengo programazioaren edukietako batzuk aurreratu ditu Ikupuntuk. Esate baterako, Peter Nestler alemaniar zinemagilearen atzera begirakoa aurkeztuko du jaialdiak, Estatu espainiarrean lehenengoz. “Europako dokumental garaikidearen funtsezko figuretako bat da Nestler, eta edizio bakoitzean argitaratzen duen argitalpena ere hari eskainiko dio Ikuspuntuk. Estatu mailako gertaera zinematografikoa izanen da, eta, jaialdian egon ondoren, Bartzelona (Kataluniako Filmoteka), Madril (Cineteca), Coruña (CGAI) eta Valentziara (Valentziako Filmoteka) eramanen dute.

Gainera, Bitartekaritza programako jarduerak ere eman dira ezagutzera dagoeneko. Programa horren bidez, ikusle gazteenei hurbilduko zaie jaialdia, honako jarduera hauen bidez: haurrentzako tailer bat, animaliei buruzko film laburren saio bat familientzat, gazte programatzaileen Moving Cinema x Punto de Vista ekimenaren bigarren edizioa, eta saio dinamizatu bat ikasleentzat.

Laster, programazioko gainerako jarduerak ere emanen dira ezagutzera, aurten ere zazpi ataletan banatuta: Sail ofiziala, Atzera begiradak, Foku, Lan, Kontaktuak, X Films eta Bitartekaritza programa.

Jaialdiaren irudia 2023. urtean

Ikuspuntu jaialdiaren hurrengo edizioak izanen duen irudia ere aurkeztu dute; Misha Bies Golas artista plastikoak egin du. Irudia osatzen duten argazkiak sorta handiago batekoak dira; izan ere, larrukigintzako tailer baten hondakinen artetik ebakinak hartu eta, katalogazio modura, ehun bat erregistro atera zituen egileak.

Gaztelako benta baterako kartak egitean sobera geratutako pergaminoak oinarri hartuta, larrukigileak egindako lerro zuzenez gain, artistak eginiko kurbadun mozketak ere agertzen dira, okerragoak; horietaz gain, tentsio puntuak ere badira, larruginak larrua aldez aurretik bere tailerrean tenkatzean egindako zuloen ondorioz. Argi kutxa baten gainean banan-banan indibidualizatutako zati horien argazkiak egin zituen egileak, Asiako hego-ekialdeko edo Turkiako itzal antzerkien mekanika imitatzeko asmoz; eta ikusten diren tonu bariazioak zera dira, lanpara fluoreszenteen oszilazioen interpretazio askea, kamerak egin duena.

Ez da kasualitatea dela materialen tratamenduagatik, dela formengatik, dela atmosferengatik eta horiek guztiak argazkitan erregistratzeko erabakia hartu izanagatik zenbait autoreri egindako keinua ere: Julio Gonzalez, Angel Ferrant, Vallecaseko Eskola edo Eugenio Granell. Hori guztia dela eta, hainbat eskutara egindako prozesu horren ondorioz lortutako forma asko eskulturak eta instalazio mugikorrak egiteko erabili dituzte, itzalen proiekzioaren bitartez joko espazialak sortzearren.

Zabaldu: