Ion Martin usurbildarrak, Aitzol Arroyo historialariak eta Aitor Azurki kazetariak, memoria historikoa osatzeko helburuarekin, hiru urterako hitzarmena sinatu dute.
“Zer gertatu zen Usurbilen, 1936an, faxistak herrian sartu zirenean? Nortzuek egin zieten aurre? Zeintzuek jo zuten erbestera? Zein izan zen emakumearen rola gerran? Non daude garai hartako lubakiak?”, galdera horiei eta beste hainbati erantzuteko proiektu proposamena aurkeztu diote Usurbilgo Udalari Ion Martinek, Aitzol Arroyok eta Aitor Azurkik, memoria historikoa osatzeko helburuarekin: hiru urterako hitzarmena sinatu berri dute.
Proiektuaren bultzatzaileek nabarmendu dutenez, Gipuzkoan, oro har, orain arte 1936ko gerraz kontatu denak hutsuneak ditu, eta beharrezkoa da horri aurre egitea. “Gipuzkoako kanpaina erraz gauzatu zutela nabarmendu dute beti, eta hori ezin dugu inondik inora onartu: Irunen, Donostian, Eibarren, Elgetan, Usurbilen, Hernanin, Lasarte-Orian eta abarrean, herritarrek erresistentzia eta duintasun handia erakutsi zuten”, azaldu dute sustatzaileek. Haien esanetan, kontatu ez den historiaren parte bat existitzen da, “historia txikia, etxeko sukaldeetan mantendu dutena, artxiboetan ezkutaturik dena”. Hori dela eta, usurbildarren memoria osatu nahi dute. “Herri-inguruak eta mendi magalak borroka leku latz bilakatu ziren, gerra lehen lerrotik gogorki biziz, eta Usurbil herri horietako bat dugu, zalantzarik gabe”.
Aurtengo udan bertan hasi eta 2022ko udazkenean bukatzea aurreikusi dute proiektuaren bultzatzaileek, eta bost zatitan sailkatu dituzte egin beharreko lanak: Lehengo faseari dagokionez, ikerketa lana egingo dute: Euskal Herriko zein Estatu espainiarreko zenbait artxibo publiko eta pribatutan iturrien hustuketa egingo dute. Lortutako dokumentazio guztia antolatu, jada ezagunak diren datuekin kontrastatu eta egiaztatu egingo lituzkete, ondoren. “Izen-abizenak berreskuratu nahi ditugu, zeintzuk izan ziren faxismoari aurre egin zioten usurbildarrak, zeintzuk faxismoak errepresaliatu zituenak, erbestera joandakoak… Historia txiki asko eta asko dago oraindik Usurbilen berreskuratzeko: herriaren memoria dugu berreskuratzeko”, azaldu dute.
Bigarren fasean, gudaleku esanguratsuak berreskuratzeari ekingo diote: “Usurbilgo Frontea deitu zitzaion gunea hainbat lubakik eta erretagoardia posiziok osatzen zuten: horiek guztiak ahanzturan murgildurik daude egun”. Horiek bilatu, txukundu eta ezagutaraztea dute xede. Horren ostean, parte-hartze prozesu bat zabalduko dute: etxeetan gordeta dauden dokumentu, argazki edo lekukotzak jaso nahi dituzte, eta, horretarako, Memoriaren bulego bat jartzea proposatu dute, herritarrei harrera egin eta testigantza horiek guztiak jasotzeko. “Herritarren parte-hartzea funtsezkoa da proiektu honetan, euren kaxoi eta armairuetan gordeta dituzten argazki eta dokumentuak behar-beharrezkoak baititugu Usurbilen historia gorpuzteko. Horrez gain, herritarren testigantzak ere filmatu eta batu nahi ditugu, ahozko memoria oinarrizkoa baita ere bai”, azpimarratu dute.
Laugarren fasean, erakusketa bat egingo dute bildutako material guztiarekin: 2021eko irailaren 19an inauguratu nahiko lukete, tropa faxistak Usurbilen sartzearen 85. urteurrena izango baita. “Justizia poetiko gisa edo, data hura erabili nahiko genuke herriaren askatasun eta demokrazia sinbolo bezala, Usurbil faxismoari gailendu zaiola azaltzeko erakusleiho gisa”. Azkenik, informazio guztia bilduko duen liburu, dokumental edota webgune bat ere taxutuko dute udalarekin batera. Lehenago egin izan dira 1936ko gerrari buruzko lanak, baina ale solteak izan dira, eta proiektu honek ikuspegi osoagoa izango du.