(argazkia: Goiena)

1980ko Arrasatera bidaia proposamena Ez Donk Amaitu ekimenaren bidez

(Egilea: Jokin Bereziartua Lizarazu. Albistea Goienaren webgunetik hartu dugu Creative Commons lizentziari esker)

Arrasateko Biona taberna zena ireki dute gaur, urriak 19, Ez Donk Amaitu ekimena aurkezteko. 1980ko hamarkadako Arrasatera bidaia bat proposatuko dute urriaren 28tik azaroaren 30era, punka oinarri hartuta baina beste hainbat arlo ere landuko dituena. Egitarau interesgarri batekin datoz: erakusketa eta mahai-inguruak Kulturaten, Biona tabernara bisitak, Perlata eta Zero taldeen kontzertuak, zine-zikloa eta gaiari lotutako liburuak maileguan liburutegian, azaro osoan zehar.

2008ko martxoaren 1etik itxita dagoen taberna –hainbat arrasatearrengan arrasto berezia utzi zuena– ireki dute antolatzaileek agerraldia egiteko, betiere “ekimenaren osagarri” dela azpimarratuta; izan ere, plater nagusia 80ko urtiek Mondrauen izeneko erakusketa izango da, Kulturaten.

Honela azaldu dute agerraldia Biona tabernan egitearen arrazoia: “Bionan gaur zergatik? RIPek hasi zuen, hein handi baten, punkak herrian eman duena eta oraindik ematen duena; hori presente dugu Ez Donk Amaitu-ren logoan ere bai. Bada, Biona oso lotuta dago 1980ko hamarkadarekin eta garai hartako punkekin. Horregatik, ez da berriro taberna izango baina Biona bisitatu ahal izango da azaroaren 12ko, 13ko eta 14ko arratsaldeetan, ordu erdiko txandatan. Horretarako apuntatu egin beharko da Kulturateko erakusketan”.

“Lagun artean landutako emaitza dotorea da”

Antolakuntzan ari da, besteak beste, Txerra Bolinaga; ekimena nondik datorren azaldu du: “Bi urtetik behin RIPeko taldekide izandako eta garaian galdutako beste lagunen omenez kontzertuak antolatu izan ditugu luzaroan. Baina pandemia aurretik lagunak ohartu nituen RIP sortu zela 40 urte betetzear zirela eta proposatu nien RIPei buruz baino, asko idatzi da-eta aspaldian, 1980ko hamarkadari buruz zeozer borobila egitea; erakusketa bat, kontzertuak…”.

Txerra Bolinaga: “Proposatu nien RIPei buruz baino, asko idatzi da-eta aspaldian, 1980ko hamarkadari buruz zeozer borobila egitea; erakusketa bat, kontzertuak…”.

Pandemiak oztopoak jarri arren, aurrera egin du ekimenak: “Zoritxarrez pandemiak oztopo asko jarri dizkigu, baina azkenean lagun artean landu dugun emaitza dotorea da. Eta ez da nostalgia ariketa soil bat; hori baino gehiago da. Aurrera egin behar da beti, baina noizbehinka garrantzitsua da nondik gatozen jakitea”.

Arakatze-lan mardula

Lantaldeko kide Edurne Landaluzek, berriz, antolatu den horren gaineko xehetasunak eman ditu gaurko agerraldian: “Saiatu gara lehenik eta behin Arrasate 1980ko hamarkadan nolakoa zen erakusten; punka ez zan Euskal Herrian eta hemen, Mondrauen, kasualidadez agertu; testuinguru berezi bat zegoen jende gazteak ezagutu ez duena eta hori erakusketan batzen ahalegindu gara”. Horretarako, garaiko prentsa arakatu dute, Udal Artxiboa, Letona-ren fondoa, tokiko bilduma… “Eta baita ere etxe askotako armairuak”, azaldu duenez.

Hala, 80ko urtiek Mondrauen izeneko erakusketa Kulturateko klaustroan jarriko dute; inaugurazioa urriaren 28an izango da, eguena, 19:00etan. Azaroaren 27ra arte egongo da zabalik. Zer da erakutsiko dutena? Bada, prentsa artikuluak, argazkiak, flyerrak, kartelak, sarrerak, artelanak eta beste elementuz osatutako panelak izango dira, eta baita ere beste hainbat elementu gehigarri ere. Landaluzek gaineratu du bibliotekan ere eskaintza berezia egongo dela azaroan zehar: “Udal Bibliotekak, gurekin elkarlanean, 1980ko hamarkada eta punkari buruz gehiago jakin nahi duenarentzat gai horiekin lotutako irakurgaiak batu eta gida prestatu dute”.

Erakusketaz gain, kontzertua, mahai-inguruak, zine zikloa…

Ez Donk Amaituko kide Iker Barandiaranek bestelako ekintzen berri ere eman du: “Ez Donk Amaituren jatorria eta esentzia ikusita, imajinatuko duzue musikak pisu nabarmena duela egitasmo honetan. Hala, erakusketan musika be aurkituko duzue eta, besteak beste, egin dugu 1980ko hamarkadan Mondrauen zeuden taldeen bilaketa: haietaz gehiago jakiteko aukera izango duzue bertan”.

Gainera, Amaia Udal antzokian azaroaren 9an, 16an, 23an eta 30ean (martitzenak) eta gaztetxean azaroaren 7an (domeka) punkarekin lotutako dokumentalak emango dituzte, bertsio originalean azpititulatuta: “Batzuek buruen duten punk klitxetik harago joango gara lan horiekin: gay eta lesbiana mugimendua, arrazismoaren kontrako borroka, punken amei omenalditxoa eta beste landuko ditugu”.

Horrez gain, hiru mahai-inguru ere antolatu dituzte Kulturaten azaroaren 10ean, 17an eta 24an:

  • Musikak eta euskarak duten loturaren gainekoa. Hizlariak: Josu Zabala, Garbiñe Ubeda eta Josu Belako.
  • Feminismoak rocka zelan bizi izan duen. Hizlariak: Itziar Ziga, Miren Aranguren eta Jokin Azpiazu.
  • Rocka eta 80ko hamarkada. Hizlariak: Gregorio Galvez, Aurora Beltran eta Gotzon Hermosilla.

Esker ona

Antolatzaileek esker ona adierazi nahi izan die Arrasateko Udaleko Kultura Sailari: “Eta bereziki Jon Garairi erakusketa eta zinekluba finantzatzen lagundu eta udal espazioak errazteagatik; baita Arrasateko gaztetxeari, AGAKOri, emandako babesagatik, Bionako jabeei eta materiala zein informazioa pasa dizkiguten guztiei”. Sare sozialak ere martxan jarri dituzte, Twitter-en, Facebooken eta Instagram-en.

Zabaldu: