'20.000 erle espezie’ filma

‘20.000 erle espezie’ filmak emango dio hasiera Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldiari

Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako 20.000 erle espezie (2023) filmak irekiko du Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldia, apirilaren 21ean. Zinemaldia apirilaren 28ra arte luzatuko da Victoria Eugenia Antzokian, Antzoki Zaharrean eta baita hiriko beste agertoki batzuetan ere.

Cocók zortzi urte ditu eta ez da moldatzen besteek berarengandik espero dutenarekin, ez du ulertzen zergatik. Bere inguruko guztiek Aitor deitzen dute behin eta berriz, baina ez du bere burua izen horrekin identifikatzen. Ama Anek oporrak profitatuko ditu hiru seme-alabekin Lita amonaren eta Lourdes izebaren etxera joateko. Azken hau erleen hazkuntzan ari da. Euren bizitzak aldatuko dituen uda honek dituzten zalantzei eta beldurrei aurre egitera behartuko ditu hiru belaunaldi oso desberdinetako emakume horiek.

Filma Gariza Films (Bilbo) eta Inicia Films (Bartzelona) etxeek ekoiztu dute Sirimiri Filmsekin (Araba/Gipuzkoa) batera eta aurtengo Berlinalen estreinatu zuten. Urresolak zuzendutako fikziozko lehen film luzea da, Adri (2012), Nor nori nork (2018), Polvo somos (2020) eta Cuerdas (2022) film laburren eta Voces de papel (2016) dokumental luzearen ondoren.

Hauek dira filmean parte hartu duten aktoreak: Sofia Otero (Berlinaleko aktore onenaren Zilarrezko Hartza irabazi du), Patricia Lopez Arnaiz, Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Martxelo Rubio, Sara Cozar, Unax Hayden, Andere Garabieta eta Miguel Garces.

Giza Eskubideen Zinemaldia

Urtero bezala, zinemaldia hainbat gai eta istoriotara hurbilduko da, besteak beste: Irango fundamentalismo islamistaren aurkako erresistentzia, Ukrainako gerra, harkien historia, XX. mendeko migrazioak, Mendebaldeko Sahararen gaurkotasuna eta Errumaniako gazteriaren egoera Ceaușescuren garaian.

Bestalde, aurten ziklo labur bat antolatu dute Tabakaleran: Zinema eta memoria. Honetan hiru film eskainiko dira, Historia, Politika edota Kontzientzia sortzeko irudiek duten ahalmena balioan jartzen dutenak. Hala, Rithy Panh (Everything Will Be OK) eta Mark Cousins (The March on Rome) zinemagileen lan berriak ikusteko aukera egongo da, eta baita Wanibik film sahararra ere.

Arratsaldeko proiekzioen ondoren egingo diren solasaldietan gaurko hainbat gairen inguruan sakonduko da, filmetako ordezkarien eta giza eskubideen arloan lan egiten duten pertsona, aktibista eta erakundeen parte-hartzearekin.

Aurten, Zinemaldiaren Saria Carmen Castillo idazle eta zinemagile txiletarrari emango diote, eta haren filmik ezagunena, Calle Santa Fe (2007), saio berezi batean proiektatuko da. Dagoeneko zabalik dagoen erakusketa bat eskaini zaio Okendo Kultur Etxean.

Zabaldu: