(argazkia: Loraldia)

Gabriel Aresti gogoratzeko egun osoko egitaraua prestatu dute Bilbon

Goizean, Arestiren leku eta erreferentzien bila ibilbide gidatu bat egingo da itsasontzian; eguerdian bazkari-ikuskizuna, eta iluntzean Loraldiak ekintza honetarako propio sortutako ikus-entzunezko bat proiektatuko da Otxarkoaga auzoan.

Bilboko Loraldia Festibalaren bederatzigarren edizioak Gabriel Aresti idazle eta poetaren lana gogora ekarriko du. Horretarako, egun osoko egitaraua prestatu du. Izan ere, Loraldiak euskal kulturaren erreferente diren sortzaileak gaur egungo begiradatik gogoratzea du helburu, besteak beste.

Bilbon dabil Gabriel Aresti jarri diote izena egun osoko egitarauari eta Karmelo Landaren eta Gabriel Aresti Kultur Elkartearen asmo handiko ekoizpena da. Arestiren sormena Bilboko erdigunera ekarri nahi dute. “Gure memoria izateaz gain, gaurko Bilbo eta Euskal Herria berrinterpretatzeko tresnak dira”.

Hala, hiru hitzordu antolatu dituzte Bilbon dabil Gabriel Aresti egunean zehar.

Goizean, itsasontzian ibilbide gidatu bat antolatu dute. “Ibaizabal itsasadarrean zehar Bilboats ontzian Arestiren leku eta erreferentzien bila abiatuko gara. Abiapuntua poetaren etxetik oso hurbil egongo da”, azaldu dute antolatzaileek.

Bi orduko ibilbide emozional honetan, Bilboko plaza zaharra, Arestik Jorge Oteizarekin izan zuen harremana, Bilboko kaleekin zuen lotura edota Zorrotzako portua ezagutzera emango dituzte, poemak eta paisaiak tartekatuz.

Itsasontzitik Bilboko Kafe Antzokira

Amaieran, Kafe Antzokira abiatuko dira oinez eta bertan, “mokadu apal bat hartzeko aukera” izango dutela iragarri dute.

Eguerdian, berriz, Kafe Antzokian bazkari-ikuskizun bat ikusteko aukera egongo da. Loraldiak ondu du egitaraua eta, jateaz gain, hainbat idazlek, antzerkigilek, kantarik eta bertsolarik hartuko dute parte, Arestiren sormena gaurko garaietara moldatuz. Gabriel Aresti Kultura Elkarteko Karmelo Landa eta Xabier Monasterio izango dira aurkezleak.

Tarte honetan Mikel Martinez aktoreak antzezlan labur bat eskainiko du: Giovanni Boccaccioren Dekamerone lanean oinarritutako Zaldia Behorrarekin ipuina. Bere garaian Arestik itzulitakoa. Gainera, Aire Ahizpek ere hartuko dute parte.

Bestalde, Miren Amurizak eta Ines Osinagak Arestiren kopletan dzanga egingo dute, Sonia Gonzalezek testu literario bat eskainiko du, eta bazkariari amaiera emateko, bertaratutako guztiek elkarrekin kantatuko dituzte Arestik sortutako hitzak, euskal musikari ugarik abesti bihurtu zituztenak. Errepertorioak Guretzat, Gora ta gora beti, Egunda Santimamina, Bizkaiko Aberatsak edo Guk euskaraz, zuk zergatik kantak biltzen ditu. Tarte honen gidari Mikel Inun izango da, Sergio Mayoralen laguntzarekin.

Bukatzeko, iluntzean, Otxarkoagako auzora egingo dute saltoa. Jainkoa jaio zen Otxarkoagan ipuina idatzi zuen idazle bilbotarrak eta horregatik igoko dira Bilboko auzo honetara, Arestiren iruditerian garrantzi handia duelako. Bertan, arte bisualen bidez sormen berritzaile bat ikusteko aukera egongo da: Loraldiak sortutako Otxarkoaga – Bilbo. Biola bat ala mailu bat ikus-entzunezko laburra proiektatuko dute Ugarte plazako eraikin batean.

Alphax studiok eta Mikel Clementek sortutako lana da eta Nerea Lizarralde eta Maider Cardenas izango dira aktoreak. 15 minutuko arte bisualeko pieza txiki honetan, Otxarkoagatik abiatuta bi gazte Bilbon zehar ibiliko dira. Lehengo eta oraingo hiria izango dute mintzagai. Bilbori buruzko gogoeta bat, Arestiren begirada kontuan izanik.

Zabaldu: