(argazkia: Ane Pikaza)

20 irudigilek ‘Itxitik’ proiektuan parte hartuko dute

Maite Gurrutxaga, Ane Pikaza, Mikel Casal eta Yolanda Mosquera dira irudigileetako batzuk.

Kulturak bizi duen egoera zailean ilustrazioa eta sormen-lana sustatzeko asmoz, 20 euskal irudigilek parte hartuko dute Itxitik proiektuan. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irudigileak elkarteak sustatu dute lana eta konfinamenduaren inguruko ilustrazioak bilduko ditu liburu grafiko eleaniztun batean (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa). Horren ostean, EAEko Irakurketa Publikoko Sareak liburua erosi eta liburutegi publikoetan zabalduko du. Maite Gurrutxaga, Ane Pikaza, Mikel Casal eta Yolanda Mosquera dira proiektuan parte hartuko duten sortzaileetako batzuk.

Proiektu honetan parte hartuko duten ilustratzaileen hautaketa mundu osoko azoka profesionaletarako aurreikusitako erakusketa ibiltarirako egindako aurreko hautaketa batean oinarritzen da; izan ere, erakusketa hori bertan behera geratu da pandemiaren ondorioz. Aukeraketa horretarako epaimahaia honako hauek osatu zuten: Raquel Meyers, Irudika 2020-animazioa; Araiz Mesanza, Irudika 2020-ilustrazioa; Bilboko Arte Ederren Museoa (Javier Novo, Miguel Zugazaren ordezkari gisa); Artium Museoa (Enrique Martinez, Beatriz Herraezen ordezkari gisa); Vicente Ferrer eta Begoña Lobo, Media Vaca argitaletxekoa (boto bakarrarekin); Ainhoa Sanchez, AC/E elkartekoa; eta Sonia Pullido, Euskal Irudigileak elkartearen izenean.

Egile bakoitza hautatzeko erabili den tresna Euskal Irudigileak elkarteak egindako online katalogoa izan da. Bertan, elkarteko kide bakoitzak hiru eta bost irudi artean eman ahal izan zituen, euskal ilustrazioari eskainitako azoketan bere lana aurkezteko eta zabaltzeko egokitzat jo zituztenak. Hortik aurrera, egileek beraiek katalogoan proposatutako irudiak balorazio bakar gisa ezarri ziren, webguneak, ibilbideak edo curriculum vitaea alde batera utziz. Euskal Irudigileak elkartetik adierazi dutenez, asmoa izan da “epaimahaiaren inpartzialtasuna zaintzea eta aurkeztutako lan bakoitzerako aukerak demokratizatzea”. Azkenik, hautatutako artistak partekatu ziren aurrez aurreko bilera baten bidez.

Epaimahaia bat etorri da “hautagaitzen maila altua” azpimarratzean, eta adierazi du horrek zaildu egin duela ilustratzaileen hautaketa. Epaimahaiaren arabera, “kasu gehienetan aho batez egin bada ere, epaimahaiko zenbait kidek esan dute aukeraketa handitu eta plaza gehiagotara zabaldu nahiko luketela”. Halaber, epaimahaiaren arabera, “izen garrantzitsu batzuk hautaketatik kanpo geratu dira”.

Bestalde, epaimahaiak nabarmendu duenez, kasu batzuetan nahiago izan dute orain arte horrenbeste aukera eduki ez dituzten eta multzo horren barruan oso duin agertzen diren ahots berriei aukera bat ematea”.

Hautaketa-irizpideen artean hauexek lehenetsi dituzte: “lanen profesionaltasuna, egile bakoitzaren irudi desberdinen arteko koherentzia, orijinaltasuna, sormena eta aurkeztutako proposamenen harritzeko gaitasuna”. Azaldu dutenez, “joerek eta modek markatutako” garai honetan, epaimahaiak uste du oso beharrezkoa dela “lan-ildo orijinalak erakusten dituzten ahots bereziak bultzatzea

Azkenik, epaimahaiaren iritziz oso garrantzitsua da “euskal ilustrazioa jorratzen ari den bideen ideia indartsu eta koherente bat transmititzea kolektiboki, norbanakotasun jakin batzuk bultzatu beharrean”.

Irudigileen zerrenda:

Elena Odriozola, Ane Pikaza, Elisabeth Perez, Higi Vandis, Jesus Sotes, Josune Urrutia, Maite Gurrutxaga, Mikel Casal, Ruth Juan, Yolanda Mosquera, Amaia Arrazola, Idoia Iribertegi, Miren Asiain, Ainara Azpiazu Axpi, AlexF, Gaston, Helena Azkarragaurizar, Javier de Issusi, Char-Lee eta Iraia Okina. Ordezkoak: Janire Orduna, Iban Iluna eta Leire Urbeltz

Zabaldu: