Nafarroako Liburutegiaren eta Liburutegi Sarearen urteurrenak ospatzeko egitarau oparoa prest

Erakusketak, hitzaldiak, antzerkia eta zinema barne hartuko dituen programa zabala atondu dute.

1870. urtean ireki zituen ateak Nafarroako Liburutegiak Iruñean. Liburutegi Sareak berriz, 1970ean, Altsasu eta Miranda Argako lehen liburutegien irekierarekin batera. Gaur egun 93 liburutegi daude Nafarroan.

150. eta 70. urteurrenak ospatzea erabaki dute orain eta, horretarako, erakusketak, hitzaldiak, antzerkia eta zinema barne hartuko dituen egitarau zabala prestatu dute Liburu eremua. Eremua librea lelopean.

Hala, irakurketa izango da bi ospakizun hauetako ardatza. Irailaren 29an abiatuko da jarduera programa Irene Vallejoren eskutik. Idazleak Iruñeko Gaztelu Plazan izango da 4. Liburu Azokan 13:00etan eta egun berean Nafarroako Liburutegian parte hartuko du arratsaldeko 19:00etan.

Gregorio Luri pedagogo eta idazleak bere aldetik, Irakurketari buruz. Hezkuntza eta irakurketari buruzko 10 tesi hitzaldian parte hartuko du, urriaren 7an, 19:00etan, proiekzio-aretoan.

Musika, antzerkia eta zinema

Musikari dagokionez, Samuel Dizek La memoria de la melancolía emanaldia eskainiko du urriaren 22an 19:00etan. Musikariak Maria Teresa Leoni omenaldia egingo dio zuzeneko honekin. Azaroaren 16an berriz, Ventura Ruizek Alan Bennetten Una lectora nada común eleberrian oinarritutako antzezlana taularatuko du.

Zinema eskaintzak osatuko du egitaraua. Nafarroako Liburutegiak bereziki, izan ere, 2011. urtetik, Nafarroako Filmotekarekin espazioa eta jarduerak partekatzen ditu Mendebaldea auzoan. Hemen kokatzen da, hain zuzen ere, Zinema eta liburutegiak zikloa. Honetan, bost film luze proiektatuko dira (fikziozko lau film eta dokumental bat) urrian zehar.

Azaroan berriz, liburutegien historiako hamarkada hauek oroitarazteko erakusketa bat irekiko dute. Erakusketak Nafarroako Liburutegiko hainbat espazio hartuko ditu: sarrera, patioa eta erakusketa-aretoa. Beste zentro batzuetan jartzea ere aurreikusten da.

Egitarau osoa, hemen.

Zabaldu: