Gazteetatik 24 hautatu dira Titular izan daitezen, eta 43 Ordezko izan daitezen.
16 eta 27 urte bitarteko 193 gaztek eman dute izena Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) 24 titular postuak betetzeko. EGOk berak adierazi duenez, plaza horiek eskuratzeko izena eman dutenen kopurua mugarria izan da aurten orkestra-talde honen historian. 24 gazte titular hautatzeaz gain, proben bidez, beste 43 ordezko izendatu dituzte.
Hasiera batean, entzunaldiak aurrez aurre ziren gauzatzekoak, lehen aldiz, Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian (Musikene), apirilaren 14aren eta 19aren artean, baina COVID19ak eragindako osasun krisia dela eta, EGO baldintza berrietara egokitu da, hasieran aurreikusitakoa aldatuz. Hala, teknologia berrien bidez gauzatu dituzte entzunaldiok.
Gazteek eskatutako errepertorioa prestatu, bideoan grabatu eta bidali behar izan dute, egungo egoerara moldatzeko gaitasun handia eta malgutasuna erakutsiz.
EGOren aro berri honetan, hainbat izan dira entzunaldietako epaimahaia osatu dutenak: bi euskal erakunde sinfonikoetako bakarlariak (BOS eta EOS), baita estatuko zein nazioarteko orkestra eta erakunde garrantzitsuetako hainbat kide ere (London Symphony Orchestra, Vienako Orkestra Filarmonikoa, Suisse Romande, Espainiako Orkestra Nazionala, Reina Sofia Musika Eskola, Gran Teatre del Liceuko Orkestra, eta abar).
Epaimahaikide guztiek egin dute entzunaldien balorazio positiboa, hautagai gazteek erakutsitako mailagatik, oro har, eta baita bideoek entzunaldiak behin baino gehiagotan aztertzeko aukera eman dietelako ere, nahiz eta une batzuetan zailtasunak izan dituzten, gehienbat proiektatutako soinuaren kalitatea hautemateko.
Hala, aurkeztu diren hautagaien %60 Hego Euskal Herritik datoz. Hautatu diren musikariei dagokienez, Musikenek, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak eta Aragoikoak egin dute ekarpen handiena.
Aipagarria da, era berean, beren ikasketak nazioarteko ikastegi garrantzitsuetan gauzatzen ari diren euskal gazteen parte-hartzea. Salzburgoko Universitat Mozarteum, Anberesko Errege Kontserbatorioa, Londresko Guildhall eta Royal Music School, Kataluiniako ESMUC eta Liceuko Goi-Mailako Kontserbatorioa dira, besteak beste, musikari horien ikastegiak.
Generoari dagokionez, %53 izan dira gizonezkoak eta %47 emakumezkoak, 21 urtekoa izan delarik adinaren batezbestekoa.
Entzunaldiak bukatuta, eta uda honetako topaketa nahiz jardueren antolaketari dagokionez, EGOren talde kudeatzaileak egungo egoera ezohikoari erantzuteko bideak bilatzen ari da, orkestraren egitekoa gauzatu ahal izateko eta EGOren helburuak betetzeko.