Euskara eta euskal kultur irakurleak trebatzeko ikastaroek aurrera jarraituko dute

Normalean aurrez aurre egiten diren ikastaro hauei, oraingoan, online eskolen aukera ere gehituko zaie.

Udaran eta udazkenean, atzerrian euskara eta euskal kultura irakasle izateko ikastaroek aurrera jarraituko dutela iragarri dute Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak

Koronabirusak eragindako mundu-mailako krisi egoera honen aurrean, berriz, ikastaro horiek berme guztiekin burutu ahal izateko hainbat baldintza eta segurtasun neurri jarriko dira martxan. Horietako bat dugu online eskolen aukera.

Udaran Donostiako Miramar Jauregian egin ohi den Bikaintasuna Euskal Ikasketetan ikastaroa izango da bietan lehena. Aurtengo berrikuntza da ikastaroa aurrez aurre Miramar Jauregian edo streaming bidez egin ahal izango dela. 10. edizioa izango duen bi eguneko ikastaro trinko honek egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotu nahi du, eta horretarako, euskararen eta euskal kulturaren jakintza arlo desberdinetako adituak gonbidatu ohi ditu. Urtero ikuspuntu ezberdin batetik heltzen zaio gai honi; aurtengoa, aniztasuna izango da. Maiatzaren 20tik aurrera zabalduko dira xehetasun guztiak eta horrekin batera izena emateko deialdia ere bai.

Udazkenean, ostera, luzeagoa izango den beste ikastaro bat eskainiko da, atzerrian euskara eta euskal kulturan irakasle arituko diren horiek trebatzeko; iaztik Gasteizko EHUren egoitzara aldatu dena. Horrek ere aurrera jarraituko duela iragarri du Etxeparek, baina formatu hibridoan, eskolak hein batean aurrez-aurre eta saio batzuk online bidez egingo dira. Gainerako baldintzak aurrerago zehaztuko dituzte.

Euskara eta euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzea du helburu Etxeparek. Gaur egun, 35 irakurletza ditu Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan, eta horietan euskara eta euskal kulturako 29 irakasle ari dira lanean. Horiez gain, euskal gaietan sakontzeko helburua duten bederatzi katedra ere sortu ditu, beste horrenbeste unibertsitatetan.

Zabaldu: