Osasun krisiak eragindako egoera kontutan hartuta, antolatzaileek aurtengo jaialdia bertan behera uztea erabaki zuten.
Maiatzaren 8an, 9an eta 10ean ospatzekoa zen Mamarru Fest jaialdia Gasteizko Errekaleor auzoan, baina osasun krisiak eragindako egoera kontutan hartuta, antolatzaileek bertan behera uztea erabaki zuten. Orain, datorren urteko maiatzera atzeratuko dutela iragarri dute.
“Alarma egoera honek zalantza, beldur eta pentsamendu asko sortarazi dizkigu, gure osasuna kolokan ikusi dugulako, errepresio polizialaren gorakada, jendearen artean sortu izan den mesfidantza… Baina, guk, Mamarruok, egoera guzti hauei aurre egin ahal diegula uste dugu”, adierazi dute ohar baten bidez. Horretarako, elkarrekin lan egitea, nahiz eta bi metroko distantzia mantendu behar izatea, elkarri babesa ematea eta elkarrenganako konfiantza berreskuratzea” nahi dute. “Egoera honetan kaleak, agertokiak, plazak, jauregiak, auzoak… gureak direla inoiz baino ozenago aldarrikatu nahi dugu! Espazio autogestionatuak ere guztionak dira, horregatik Mamarru Fest-etik babesa eta elkartasuna helarazi nahi diegu konfinamendu honen ondorioz, muturreko egoerak bizi izan dituzten espazio autogestionatuei eta, baita herri mugimendu osoari ere, jasan izan duen errepresio mota guztiagatik”. Espazio guzti hauekin bat egiten dutela nabarmendu du antolakuntzak: “soilik elkarrekin lan eginda eta elkar babestuz lortuko dugu guztiona denak guztiona izaten jarraitzea”.
Guzti honengatik, antolakuntzak festibala datorren urteko maiatzean ospatzea erabaki du. “Gogo izugarriarekin ekingo diogu bide berri honi eta espero dugu zuek ere gurekin batera hastea. Horregatik, Mamarru Fest-en parte hartzera animatzen zaituztegu eta, noski, festibalera etortzera ere”.