Lehenengo Mamarru Fest jaialdia aurkeztu dute Gasteizen

Festibala maiatzaren 8an, 9an eta 10ean egingo dute Errekaleorren eta espazio berriak, irekiak, anitzak, inklusiboak eta seguruak sortzea du helburu.

Gasteizko Gaztetxean aurkeztu zuten larunbatean maiatzaren 8an, 9an eta 10ean Errekaleor auzoan egingo duten lehenengo Mamarru Fest jaialdia.

“Musika jaialdi bat egin nahi dugu espazio berriak sortzeko asmoz. Espazio irekiak, askotarikoak, inklusiboak eta seguruak”. Antolatzaileek zaintza erdigunean kokatu nahi izan dute eta, elkarrekiko ikaskuntza eta kultura ez merkantilizatua ardatz nagusi izanda, jaialdian ez dela soilik kontzertuetarako espaziorik egongo nabarmendu dute, “mota askotariko tailerrak eta ekintzak ere egongo dira”.

Mamarru Fest-ek ohiko jai-ereduarekin apurtu nahi du “Zis gizonei protagonismoa kendu eta bestelako subjektuei ikusgarritasuna eman nahi diegu”. Antolatzaileek azaldu dutenez, “oso erraza da eredu mota horrekin topo egitea, bai agertokietan eta baita eszenatokietatik haratago ere”. Horregatik, beharrezkoa ikusten dute kontsumo ereduan fokua jartzea. “Ez dugu makro desfaserik bilatzen, edari fermentatuak edota etxekoak saltzea erabaki dugu”. Bestalde, erretzaileak jaialdia kerik gabeko espazio gisa ulertzera gonbidatu nahi dituzte eta drogei dagokienez, kontsumo kontzienterako deia luzatu dute. Horretarako, Ai Laket! elkarteak gune bat izango du jaialdian bertan.

Amaitzeko, mota guztietako balizko erasoen aurrean protokoloak martxan jarriko dituztela iragarri dute, erantzun bateratuak emateko helburuarekin.

Zabaldu: