'Agur Etxebeste!' filma Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da

21 euskal ekoizpen izango dira Donostiako 67. Zinemaldian

Agur Etxebeste! filma (argazkian) Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da. Jose Maria Lara Txepe ekoizleari emango diote Zinemira saria

Hamazazpi film luzek, film ertain batek eta hiru film laburrek osatuko dute 67. Donostia Zinemaldian hautatutako euskal ekoizpena. Sail Ofizialean, News Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan, eta euskal zinemaren eta EITBren galetan ikusi ahal izango dira. Horietako bederatzi Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira.

Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskainitako sailak, hamar ekoizpen hartu ditu barnean, fikzioa eta ez-fikzioa, opera primak eta ibilbide luzeko zinemagileen lanak bilduta.

Helena Tabernaren (Altsasu) Varados-ek emango dio hasiera sailari. Zinemaldiak Tabernaren hainbat film programatu ditu azken urteotan. Varados-ek Grezian dauden iraupen luzeko errefuxiatuen eguneroko bizitza erakutsiko du.

Glittering Misfits Iban del Camporen (Arrasate) lehen film luzea da. Aurretik, Kimuak-en hautatu eta Zinemaldian proiektatu ziren bere bi film labur: Dirty Martini eta Espedizio handia. Glittering Misfits-en, New Yorkeko off-off Broadwayko nightclub eta kabaretak esploratzeko bidaia batean abiatu da Dirty Martini-k zirriborratutako gaian sakontzeko.

Hiru uhinak ere Loïc Legrand zuzendariaren lehen film luzea da. Horretan, hiru zinemagilek kondaira zahar bat irudiekin kontatzeko erronkari aurre egin beharko diote.

Taberna, Del Campo eta Legrand Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehian izango dira. Gainera, urteko euskal ekoizpen nabarmenetako zazpi lan erakusteko tokia utziko du Zinemirak.

El doble más quince-k, Mikel Ruedaren film berriak (Bilbo) lehiaketatik kanpo parte hartuko du sailean. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan (2017) hautatutako proiektuetako bat izan zen. Ruedak New Directors sailean parte hartu zuen bere lehen film luzearekin (Izarren argia, 2010). El doble más quince-n, 45 urteko emakume baten eta 16 urteko mutil baten arteko harremana jaso du. Maribel Verdú eta Germán Alcarazu dira protagonistak.

Sailean Muga deitzen da pausoa ere ikusi ahal izango da. Maider Oleagak (Bilbo) Ikusmira Berriak egonaldi-programaren lehenengo urtean garatu zuen proiektu hau.

Bestalde, Bernardo Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritutako filma, Soinujolearen semea, Huelvako eta Nantesko zinema-jaialdietan aukeratu zuten.

Zinemiran halaber, Juanmi Gutiérrezen (Errenteria) azken filma, Paseko txoriak ikusi ahal izango da. Aurretik, beste hamar film aurkeztu ditu Gutierrezek sailean. Aurtengo otsailean hil zen eta 67. Zinemaldiak omenaldia egingo dio.

70 binlandens Koldo Serraren (Bilbo) hirugarren film luzea da. Emma Suarez, Nathalie Poza eta Hugo Silva dira Sitgeseko zinema-jaialdian estreinatutako film horren protagonistak.

Bestalde, La pequeña Suiza Kepa Sojoren (Laudio) bigarren film luzea da. Euskal Herriko erdialdean dagoen Gaztelako herri baten gorabeherak kontatuko ditu.

Azkenik, Zinemiran aurkeztuko da Elkano, lehen mundu bira animazio-filma, Angel Alonsok (Pasaia) zuzendutako bigarren lana.

Agur Etxebeste Euskal Zinemaren ospakizunean

Duela 14 urte, Asier Altunak (Bergara) eta Telmo Esnalek (Zarautz) Gazteriaren Saria lortu zuten Aupa Etxebeste! (2005) New Directors sailean aurkeztuta. Ordutik hona, Zinemaldiaren sailetara ekarri dituzte beren filmak; besteak beste, Sail Ofizialera. Aurten, Agur Etxebeste! filmaren emanaldia hartuko du Euskal Zinemaren Galak. Patrizio Etxebesteren eta haren emazte Maria Luisaren abentura berriek Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian parte hartuko dute.

Chaika-rekin (2012) New Directors saileko lehiaketan parte hartu eta gero, Miguel Ángel Jimenezek (Madril) EiTBren galan estreinatuko du Una ventana al mar, eta Zinemaldiko euskal ekoizpen onenaren saria lortzeko ere lehiatuko da. Filmean, minbizia diagnostiko baten berri izan ondoren Greziarako bidaia egingo duen emakume bat hezurmamitu du Emma Suarezek.

Era berean, Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian sartuko dira La trinchera infinita, Aitor Arregik (Oñati), Jon Garañok (Donostia) eta Josemari Goenagak (Ordizia) zuzendutako filma, Sail Ofizialeko aukeratik; eta Las letras de Jordi (Ikusmira Berriak 2017), Maider Fernandez Iriarteren (Donostia) lehen lana, New Directors sailetik. Culinary Zineman estreinatutako bi film ere hartuko ditu lehiaketak: batetik, Iñaki Artetaren (Bilbo) Bittor Arginzoniz. Vivir en silencio, Etxebarri erretegiko sukaldariaren nortasunari buruzkoa; eta, bestetik, Mikel Urretabizkaiaren Gazta, Idiazabal gaztaren unibertsoarekin lotutako lekukotzak bildu dituen filma.

Zinemaldian beste euskal ekoizpen hauek ikusi ahal izango dira, halaber, nahiz eta Irizar saila lortzeko hautagaien zerrendan ez egon: Ion de Sosaren (Urnieta) eta Chema Garcia Ibarraren (Elx) Leyenda dorada eta Izibene Oñederraren (Azkoitia) Lursaguak, Kimuak-etik Zabaltegi-Tabakalera sailerako aukeratutako bi film labur; Maddi Barberren (Lakabe) Urpean lurra film ertaina, Zabaltegi-Tabakalera sailean ere, zuzendariak iaz aurkeztutako 592 metroz goiti film laburra bezala; Oliver Laxeren (Paris) O que arde, Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinatutako eta saritutako filma, Perlak sailean programatu baita; eta Igor Arabaolazaren Zer jan hura izan, Culinary Zinema sailean.

Guzti horretaz gain, euskal ekoizpeneko bi proiektu hartuko ditu Zinemaldiak: Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan Asier Altunaren Karmele hautatu dute eta Ikusmira Berriak egonaldi-programaren esparruan, Aitziber Olaskoaga (Getxo) Jo ta ke garatzen ari da.

Zinemira saria ekoizle lanari

Jose Maria Lara Txepe ekoizleari emango diote Zinemira saria, urteetan egin duen ekoizle lanagatik. Ohorezko sari hori Zinemaldiak eta Ibaia eta EPE ekoizle elkarteek ematen dute, euskal zinemaren pertsona nabarmen baten ibilbidea aintzat hartzeko.

Zabaldu: