Benito Ansola Sarirako lanak aurkezteko epea luzatu da irailaren 20ra arte

Proiektuak aurkezteko epea irailaren 20ra arte izango da.

Profesionalizaziorako bidean lagundu eta euskarazko zinemagintzari ekarpena egitea du xede Benito Ansola sariak, irabazleak, 3.000 euroko saria jasotzeaz gain, Lekeitioko Euskal Zine Bileran estreinatuko baitu bere proiektua.

Aurreko lau edizioetan sari hau jaso duten sortzaile gazteek, ibilbide oparoa egin dute ikus-entzunezkoen ekoizpenean. Horren adibide da azken edizioa irabazi zuen Ruben Rosas donostiarra, Atsolorra labur dokumentalarekin saritua.  Helburu hori baitu Benito Ansola Sariak: euskal kultura zabaldu eta sortzaile gazteei euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten laguntzea.

Parte hartu nahi duten gazteek, 2019 irailaren 20a baino lehen bidali beharko dituzte proiektuak. Horretarako, lehiaketaren oinarrietan agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte parte-hartzaileek eta aurkezten dituzten lanek.

Hainbat berrikuntza ekarriko ditu V. edizioak

Bosgarren edizio honetan, hainbat berrikuntza gehitu dira sariketaren oinarrietan. Tartean, irabazlea aukeratzeko prozesuan, hiru lanen aurre-aukeraketa bat izango da. Hauen egileek, Lekeition ospatuko den Euskal Zine Bileran aurkeztu beharko dute proiektua epaileen aurrean. Horien artean erabakiko da aurtengo edizioko irabazlea. Saritutako proiektuaren izena Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian jakinaraziko da, irailaren 30ean eta datorren urteko irailaren 4ra bitarteko epea izango du ikus-entzunezkoa bukatu eta antolakuntzari helarazteko.

Euskaltzaleen Topaguneak 2010ean jarri zuen egitasmoa martxan, Lekeitioko Udalaren, Euskal Zine Bileraren eta EHUren Mikel Laboa katedraren laguntzarekin.

Bideoa: Kameratoia.eus

Zabaldu: