21 musika taldek girotuko dute Flamenka gunea Donostiako Aste Nagusi Piratan

Informazioa eta argazkia:.donostiakopiratak.eus

Rock, pop, punk, ska, hip-hop, dancehall, reggae edota folk doinuak izango dira entzungai Flamenkako gauetan, abuztuak 10etik 17ra bitartean. Aurten ere, Donostiako Piraten erronka nagusia agertokietan sarritan murritza den emakumeen presentzia indartzea izan da.

Donostiako Piratek eratutako jai eraldatzaile, euskaldun eta parte-hartzaileetan, musika egitarauak leku nabarmena izango du aurtengoan ere. Geroz eta emakume gehiagok egiten dute salto taula gainera, eta horren isla ikus daiteke aurtengo musika egitarauan. Flamenkan arituko diren 21 taldeetatik 15etan, emakumeen presentzia nabarmena da: Ezten Giro, The Lizards, McOnak, Xavi Sarriá, Flaca, Alvva, Brava, Nizuri Tazuneri, Tribade, Izaki Gardenak, Grises, Skabidean, Gora Etorri, Liher eta The Baboon Show.

Aniztasun nabarmena

Aniztasuna izango da nagusi Flamenkako agertokian: talde gazteak, beteranoak, bertakoak, kanpokoak, euskaldunak… Musika estiloei erreparatuz ere, aukerarik ez da faltako: rock, pop, punk, elektronika, reggae edota folk doinuak izango dira entzungai.

Ohitura bilakatu den moduan, erromeriarekin hasiko dugu Aste Nagusi Pirata. Lasturretik datorren Ezten Giro taldeak irekiko du musika egitaraua. Bigarren gauean, igandean, berriz, punk, rock eta oi! doinuak izango dira: Bartzelonatik datorren The Lizards taldea, Kaleko Urdangak bergararrak eta Europa osoan zehar biran ari diren Rude Pride madrildarrak.

Astelehenean, abuztuak 12, Abordatze eguna izango da. McOnak talde lekeitiarrak girotuko du Flamenka gunea Abordatzea bukatutakoan. Gauean, Obrint Pas taldeko gitarra eta abeslari izandako Xavi Sarriá izango da taula gainean, bere bakarkako proiektu berriarekin. Abordatze egunari amaiera ematearren, Ze Esatek! talde gipuzkoarrak bere ibilbideko azkeneko kontzertua eman eta agur esango die agertokiei hamar urteren ondoren.

Asteartean, rap doinuak izango dira nagusi. Bilbotik eta Donostiatik datorren Nizuri Tazuneri bikoarekin. Jarraian, Tribade, hiru emakumez osatutako Bartzelonako taldea. Rap doinuak afrotrap eta reggaeton doinuekin uztartzen dituzte. Azkenik, Sevillatik datorren Shotta rap-kantaria izango da Flamenkan.

Asteazkenean, abuztuak 14, elkarrekin sekula ibilitako hiru emakumezko DJ izango dira; Flaca, Alvva eta Brava DJ ezagunak igoko dira oholtzara. Dabadabako harrobitik ateratako hiru DJ hauek festibal askotan ibili dira. Milaka jarraitzaile dituzte dancehall, rap, reggaeton eta trap musika estiloen bueltan.

Ostegunekoa rock-folk gaua izango da. 2012an Gasteizen sortutako Izaki Gardenak taldea izango igoko da taula gainera. Ostean, hiru urteren ondoren agertokietara bueltatuko den talde Donostiarra izango da: Madeleine. Bukatzeko, Zestoatik datorren Grises taldea igoko da kaiko oholtzara. Hamar urteren ondoren etenaldi bat iragarri zuten arren, Flamenkan geldialdi bat egiteko tartea hartu dute.

Ostiral gauean, Skabidean ska-reggae zuzenekoa izango da, Skabidean & The Black Birds proiektu berria aurkezten. Bad Sound taldeak piratak dantzan jarriko ditu jarraian, eta bukatzeko, Durangotik datorren Gora Etorri talde gazteak Flamenkan eskainiko du zuzenekoa.

Liher eta The Baboon Show taldeek itxiko dute aurtengo Flamenkako musika egitaraua. Lide Hernando bakarlariak hasitako proiektua izan zen Liher, eta talde formatuan izango da agertoki gainean. 2019ko Aste Nagusiko musika egitarauari bukaera emateko, The Baboon Show suediarrak ere izango dira taulan.

Kofradiak, Donostia abordatzeko prest

Flamenkako musika egitarauaz gain, Donostiako Aste Nagusi Pirataz gozatzeko aukera andana izango da. Iragarri dutenez, egitarau zabala izango da aurtengoan ere, Donostiako Piratak mugimendua osatzen duten kofradiak ekimen ugari prestatzen ari dira eta. Laster izango duzue horren guztiaren berri.

Zabaldu: