Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala ekainaren 8an, Saran

Informazioa: Bertsozale.eus

Pasa den asteburuan ospatu zen Bizkaiko Eskolartekoa; bat-bateko saioa eginda ezagutu genituen Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan arituko diren ordezkari bizkaitarrak, eta osatu da oholtzaratuko den talde osoa. Sara prestatzen ari da ekainaren 8rako.

13 parte-hartzaile izango ditu 2019ko Euskal Herriko Eskolarteko Bat-bateko Txapelketak. Edonola ere, beste hainbat lagunek ere hartu dute parte lurraldez lurralde Eskolarteko egitasmoan. Apirilean ezagutu genituen Gipuzkoako eta Nafarroako bertsolari sailkatuak, gerora Arabako, Baxenabarreko, Lapurdiko eta Zuberoakoak, eta, azkenik, pasa berri den asteburuan jakin dugu zeintzuk izango diren ordezkari bizkaitarrak.

Ekainaren 8an izango da Saran, hirugarrenez, Euskal Herriko Eskolartekoa. 11:00etan jokatuko da 31. txapelketa, Sarako trinketean. Hauek izango dira parte-hartzaileak: Arabatik, Aroa Arrizubieta (Gasteiz, 2001) eta Aitor Ugarte (Aramaio, 2002); Behe Nafarroatik, Ekhi Perrier (Anhauze, 2001) eta Unai Harluxet (Irisarri, 2002); Bizkaitik, Maite Sarasola Isazelaia (Deustu, 2011) eta Bittor Altube Sarrionandia (Abadiño, 2001); Gipuzkoatik, Aitor Tatiegi (Oñati, 2001) eta Aner Peritz (Zarautz, 2002); Lapurditik, Naia Etxeberri Larzabal (Baiona, 2002) eta Irati Alcantarilla (Urruña, 2001); Nafarroatik, Xabat Illarregi (Leitza, 2001) eta Ekhiñe Zapiain (Bera, 2002); eta Zuberoatik, Leire Casamajou (Sohüta, 2002). Julene Etxeberrik bere aldetik, gaiak jarriko ditu eta Joana Itzainak egingo ditu harrera eta amaierako aurkezle lanak.

Irabazleari Maddi Sarasuak jantziko dio txapela, Aitor Sarasuari esker onez eta Sarasua sendiaren izenean.

Bat-bateko finalaren ondotik, otordua eskainiko da Sarako Lur-Berri aretoan, 15:00etan, Iparra-Hegoako kideen eskutik. Txartelak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian 15 euroren truke. Igandera arte egongo dira eskuragai.

Zabaldu: