Lana Ibon Sarasola, EHUko irakasle ohi, Euskaltzain emeritu eta hizkuntzalari eta filologoaren gidaritzapean egin da, eta berak gauzatu du lexikografia lanaren parterik handiena.
Egungo Euskararen Hiztegia’(EEH) proiektu erraldoia amaitu berri du Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuak. Lana 2008. urtean abiatu zen, eta 15 urte behar izan dira bukatzeko. Tamaina aldetik aparta dela diote EHUko ordezlariek, “paperean argitaratuko balitz, kalkulatzen da 30 bat liburuki beharko liratekeela, 16.000 bat orrialde”. Egungo Euskararen Hiztegian 70.751 sarrera, 251.153 adiera, 529.227 adibide eta 663.172 hitz multzo aurki daitezke.
Gaur goizean, prentsaurrekoan aurkeztutako Egungo Euskararen Hiztegia (EEH) da une honetan euskara-euskara hiztegirik zehatzena eta nahi duen orok EHUren webgunean kontsulta dezake. Erabilera errealean oinarritutako hiztegia da. Oinarri bezala Ereduzko Prosa Gaur corpusa hartu da, hori ere Euskara Institutuak garatua. Corpus horretako hitz guztiak jaso ditu Egungo Euskararen Hiztegiak, eta horrek eman dio duen tamaina.
Eva Ferreira EHUko errektoreak nabarmendu duenez, “Egungo Euskal Hiztegia paperean argitaratuko balitz, 16.000 orrialde baino gehiago izango lituzke. Horrek bere dimentsio fisikoa adierazten du, noski, baina batez ere bere asmo intelektuala ere. Proiektuaren beste ezaugarri garrantzitsu bat azpimarratu nahi dut: erabilgarritasuna, irekitasuna. Hiztegi honetan interesa duten lagun guztien eskura egongo da”.
Hiztegi berria euskara modernoan zehatzena eta zabalena izango dela adierazi dute. “Erreferente izango da, hiztegiaren izenak dioen bezala, egungo euskararen lexikoa jasotzen baitu. Izan ere, Egungo Euskararen Hiztegia 2000. eta 2006. urteen artean argitaratutako 25 milioi testu-hitzez osatutako corpusean oinarritzen da, Ereduzko Prosa Gaur corpusean”, adierazi du Itziar San Martinek, Euskara Institutuko zuzendariak.
Hauek dira kopuru zehatzak: sarrerak: 70.751; sarrerak + adierak: 251.153; adibideak: 529.227; hitz multzoak: 663.172.
Hiztegiko sarreretan hitza ageri den testuingurua erakusten da, eta baita iturburua ere, hau da, nork non erabili duen. Horrez gain, hitz multzoen maiztasunen inguruko informazioa ere jasotzen du, hau da, hitz jakin bat zein beste hitzekin erabili ohi den, gutxienez hiru aldiz.
Lana Ibon Sarasola, EHUko irakasle ohi, Euskaltzain emeritu eta hizkuntzalari eta filologoaren gidaritzapean egin da, eta berak gauzatu du lexikografia lanaren parterik handiena.