Sortzaile euskaldunak Edinburgoko Fringe eta Book Festival jaialdietan

Abuztuan zehar, Edinburgh Festival Fringe munduko arte eszenikoen topagunerik handienean, antzerkia eta dantza garaikide nahiz tradizionala erakutsiko dituzte hainbat euskal konpainiek. Horrez gain, abuztuaren 10etik 18ra bitartean, hainbat euskal idazlek euren lanak aurkeztu eta literaturaren inguruko hainbat solasaldi eta ekitalditan parte hartuko dute Edinburgh Book Festival jaialdian. Bi ekintza hauek, Eskozian garatzen ari den #ScotlandGoesBasque ekimen kulturalaren udarako sasoian kokatzen dira.

#ScotlandGoesBasque programaren baitan, Etxepare Euskal Institutuak hainbat ekimen bultzatu eta antolatu ditu urtean zehar dagoeneko, euskal sortzaileen talentua Eskozian ezagutzera emateko asmoz: neguan musika izan zen batik bat, udaberrian zinea eta udaran, berriz, arte eszenikoak eta literatura izango dira nagusi. Horretarako, urtaro honetan Eskozian garrantzitsuenak diren bi mugarri baliatu dituzte: Edinburgh Festival Fringe eta Edinburgh International Book Festival.

Fringe: euskal antzerkia eta dantza tradizional zein garaikidea

Edinburgh Festival Fringe jaialdira bertaratuko diren euskal artistek, jatorri ezberdina duten ekimenetan eskainiko dituzte emanaldiak.

Batetik, Eskoziako Dantza Zentro Nazionala den Dance Base gunean Basque Showcase izeneko egitaraua osatu dute, eta bertan dantza garaikidea izango da nagusi. Etxeparek luzatutako deialdiari erantzuna, euren lanak Eskozian erakusteko aurkeztu zituzten artista eta konpainia guztien artean, Fringe jaialdiaren zuzendaritzak berak honakoak hautatu zituen: Krego-Martín Danza konpainia, Akira Yoshida dantzaria eta HQPC antzerki-dantza proiektu kolektiboa. Hirurek euren lanak moldatu egin dituzte abuztuaren 8-11 bitartean Dance Basen aurkeztu ahal izateko; lan horiek dira, hurrenez hurren, (Non) Comfort Zone, Home eta Habrá Que Ponerse Cachas.

Horrez gain, Fringe jaialdiaren testuinguruan, abuztuaren 9an, Atlantik 1050 eskoziar eta euskal dantza tradizionalen proiektuaren emaitza aurkeztuko da Edinburgoko kaleetan. Proiektu honek, euskal dantza talde amateur bat eskoziar dantza talde amateur batekin elkartu eta, bi tradizioen elkartrukearen eraginez, ikuskizun bateratu bat sortzean datza. Atlantik 1050ek joan-etorriko bidaia egingo du: Fringen aurkeztu ostean, irailaren 22an Errenteriako Atlantikaldia jaialdian aurkeztuko dute.

Kaleko ikuskizunen topagune honetan arituko den beste euskal konpainia bat Tio Teronen Semeak taldea da. Hauek abuztuaren 7tik 11ra bitartean alaituko dituzte kaleak euren dantza, umore eta musikaz betetako FreshCool ikuskizunarekin. Azkenik, egoitza Bilbon duen 2Theatre nazioarteko antzerki konpainiak Interbeing: Stories From a Current War eszenaratuko du abuztuaren 1etik 25era bitarte, egunero, Assembly Rooms antzokiko Ball Room aretoan.

Euskal literaturaren lagina Edinburgh International Book Festivalen

Euskal literatura aurten gonbidatu berezia izango da Edinburgh International Book Festival jaialdian. Abuztuaren 10etik 26ra bitartean gauzatuko da, baina euskal idazleen presentziak 10etik 18erako egunak hartuko ditu. Bertan izango dira Iban Zaldua, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Eider Rodriguez eta Danele Sarriugarte idazleak, eta Joseba Etxegoien eta Eñaut Elorrieta musikariak.

Iban Zalduak Chejov vs. Shakespeare proiektuaren emaitza aurkeztuko du abuztuaren 10ean, ekimenean bere bidelagun izan den James Robertson idazle eskoziarrarekin batera ikusiko dugu. Izan ere, sorburua Donostia 2016 Kultur Hiriburutzan duen proiektu honek, herrialde eta errealitate ezberdinetako bi idazlek gutun-korrespondentzia partekatzean datza, eta hala egin dute urtean zehar Zalduak eta Robertsonek. Guztira hamabi gutun idatzi dizkiote elkarri, bakoitzak sei, eta horietan literatura, hizkuntza, edota Europako egungo erronka eta gatazkak izan dituzte hizpide.

Gainontzeko euskal idazleek Book Festival beraren egitarauaren barneko ekintzetan hartuko dute parte: Harkaitz Canok Jumoke Verissino poeta nigeriarrarekin solasaldia izango du, eta Wine and Words izeneko atal batean ere arituko da Danele Sarriugarte eta Joseba Etxegoienekin; Miren Agur Meabek Zinzi Clemmons idazle estatubatuarrarekin eztabaidatuko du Living, Loving & Loss izeneko solasaldian; Uxue Alberdi Indigenous Voices izeneko zikloan izango da, baita Scotland Goes Bertsolaritza! Izeneko atal berezi batean ere, Sarriugarte eta Eñaut Elorrietarekin batera; Bernardo Atxagak, era berean, Indigenous Voices zikloan hartuko du parte, bere lan batzuk ingelesera itzuli ohi dituen Margaret Jull Costa itzultzailearekin; azkenik, Eider Rodriguezek itzulpenaren inguruko maisu eskola emango du Jull costa berarekin.

 

Zabaldu: