(argazkia: Loraldia)

300 ikaslek euskal kulturarekin lotutako sormen-proiektuak garatuko dituzte ikasturtean zehar

Bizkaiko zazpi ikastetxetako bederatzi taldek hartuko dute parte ikasturte honetan Loraldia Eskolan. Sei sormen-proiekturen bidez, haur eta gazteek euskal kultura garaikidea ezagutu eta praktikatzeko aukera izango dute, ahozkotasuna, musika, antzerkia eta ikus-entzunezko sorkuntza, besteak beste, landuz.

Euskal kultura ikasgelara eramatea, baina ikasleak hartzaile huts bihurtu gabe. Horixe da Loraldia Eskolak ikasturte berrirako proposatutako bidea: 300 ikaslek euskarazko kultura ezagutu, esperimentatu eta beren sormenetik berrinterpretatuko dute, Loraldia Eskolako hezitzaileen laguntzarekin.

Aurten sei proiektu garatuko dituzte: Lore Jokoak, 7 Kantu, Kamara Sartu, Airean, Ttipia eta Lorekolore. Adin eta hezkuntza-maila desberdinetara egokitutako proposamenak dira, eta ahozkotasuna, kantua, antzerkia, ikus-entzunezko sorkuntza, gorputz-adierazpena eta talde-lana bezalako esparruak jorratuko dituzte.

Durangoko Sanantonio Ikastetxea, Urretxindorra Ikastola, Pagasarribide, Portugaleteko Ruperto Medina eta Gabriel Zelaia ikastetxeak eta Gatikako eta Zeanuriko herri eskolak izango dira ikasturte honetan parte hartuko dutenak. Guztira, bederatzi talde osatuko dituzte.

Loraldia Eskolak kultur transmisioa esperientziaren eta sorkuntzaren bidez lantzea du oinarri. Horregatik, ikasleek euskal kulturako erreferenteak ezagutzeaz gain, haiekin esperimentatu eta beren ikuspegitik sortuko dute. Proiektuak ikastetxeetan bertan garatuko dira ikasturtean zehar, eta egindako lana ingurukoekin partekatzeko aukera izango dute amaieran.

Egitasmoaren bidez, Loraldiak kulturaren eta hezkuntzaren arteko lotura sendotu nahi du, belaunaldi berriek euskarazko kulturarekin harreman zuzenagoa izan dezaten eta ikasleak beraiek sormen-prozesuen protagonista bihur daitezen.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna