Antzerki Topaketa honen helburua gazteak antzerkiarekin harremanetan jartzea da. Era berean, kultura-ekitaldietara joateko eta haietaz gozatzeko ohitura ere sustatu nahi da, eta horrela kultura-jarduerak bultzatu.
Maiatzaren 16tik ekainaren 15era bitartean Donostiako 33. Gazteen Antzerki Topaketa izango da. Donostia Gazteriak antolatuko du ekimena, eta aurtengo edizioak Donostia Kulturaren eta Kutxa Kulturaren laguntza izango du. Denetara 24 talderen antzezlanak taularatuko dira, gehienak Donostiarrak dira, baina badira Oiartzun, Pasaia, Bilbo edota Iruñeakoak ere. 24 lan horietatik hamaika euskaraz izango dira, hamabi gaztelaniaz eta bat hiru hizkuntzatan interpretatuko da (euskara, gaztelania eta arabiera).
Antzezlan hauek hiriko sei agertokitan taularatuko direla ere jakinarazi du antolakuntzak: Antzoki Zaharra, Victoria Eugeniako Klub Aretoa, Gazteszena (Egia Kultur Etxea), Lugaritz Kultur Etxea, Kontadores Gazte Zentroa eta Kutxa Kultur Kluba.
Epaimahaiari dagokionez, Nerea Gorriti, Aia Kruse eta Asier Oruesagasti aktore gazteek osatuko dute. Haien esku izango da Topaketaren amaieran banatuko diren sariak erabakitzea. Kategoria bakoitzean sari hauek banatuko dira: obra onenari berriro antzezteko aukera eta bi antzerki emanalditara joateko sarrerak; talde artistiko onenari bi antzerki emanalditara joateko sarrerak; eta
taularatze onenari bi antzerki emanalditara joateko sarrerak. Sari banaketa ekainaren 18an izango da.
Antolatzaileen arabera, “Antzerki Topaketa honen helburua gazteak antzerkiarekin harremanetan jartzea da, nola interprete edo sortzaile izan, hala ikusle izan. Era berean, kultura-ekitaldietara joateko eta haietaz gozatzeko ohitura ere sustatu nahi da, eta horrela kultura-jarduerak bultzatu”.
Sarrerak maiatzaren 9tik aurrera eskuratu ahal izango dira, www.donostiakultura.eus webgunean edota antzezlana taularatzen den tokiko leihatiletan.
Egitaraua, hemen.