421 udalerritan osatu dira Euskaraldia batzordeak eta 6.737 entitatek ariguneak sortzeko prozesua abiatu dute

Izen-ematea euskaraldia.eus webgunean, herriz-herri jarriko diren informazio puntuetan edo telefonoetarako sortutako aplikazioaren bidez egin daiteke.

Euskaraldiaren izen-ematea martxan da eta gaur ariketa soziala antolatzen ari diren erakundeetako ordezkariek azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den bigarren edizioaren xehetasunak aurkeztu dituzte Baionan.

Ipar Euskal Herriko erakundeetako ordezkariek Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan Euskaraldiaren bigarren edizioa izaten ari den zabalkundea azpimarratu dute. Aurtengo edizioan berrikuntza izan den ariguneen sorrerak Euskaraldiari aukera berriak zabaldu dizkiola aipatu dute, eta kanpo ariguneen bidez euskarak Ipar Euskal Herriko kaleetan presentzia handiagoa izan ahalko duela nabarmendu dute.

Ezaugarri garrantzitsu modura, Euskaraldia elkarlanean garatutako ekimena dela azpimarratu dute. Mugaz gaindiko elkarlana garatzeaz gain erakunde publiko eta eragile sozialen artean antolatutako ariketa dela nabarmendu dute.

Euskaraldiaren helburuak gogora ekarri dituzte bertaratutako ordezkariek: parte hartzaileen hizkuntza ohiturak astintzea eta euskararen erabilera handitzea, hain zuzen ere. Bigarrenez egingo den ariketak gainera, 15 eguneko iraupena izango duela gogora ekarri eta milaka herritarrek ahobizi edo belarriprest roletan aritzeko aukera izango dutela aipatu dute.

Euskal Herriko gainontzeko lurraldetan bezala, irailaren 24an abiatu zen herritarrek ahobizi edo belarriprest modura izena emateko epea eta azaroaren 19ra arte zabalik egongo da.

Euskaraldiaren antolatzaileek orain arteko prozesuan bi datu nabarmendu dituzte.

Batetik, 2018an egin zen lehen edizioan baino udalerri gehiagotan egingo dela aurtengo Euskaraldia. Guztira, 421 udalerritan osatu dira Euskaraldia batzordeak eta horietan guztietan parte hartu ahal izango dute herritarrek.

Bestetik, ariguneei dagokienez, Euskal Herri osoan zehar 25.000 arigune baino gehiago sortu dira. Guztira 6.737 entitatek lurralde ezberdinetan dituzten 8.174 egoitzetan 25.091 arigune sortzeko prozesua abiatu dutela azaldu dute Euskaraldiaren koordinazio mahaiko kideek. Ariguneen banaketa, berriz, nahiko parekatua izan da: %52 izango da barne arigunea eta %48 kanpo arigunea.

Entitateei dagokionez, era guztietako enpresa, saltoki, erakunde eta elkarteak izan dira ariguneak sortu dituztenak. Saltoki eta zerbitzu emale txikiak, elkarteak, hezkuntza arloko eragileak, zerbitzu enpresak eta erakunde publikoak izan dira kopurutan aipagarrienak, baina horiekin batera, enpresa txikiak, gizarte eragileak, sindikatuak eta bestelakoak ere egon dira.

Zabaldu: