(argazkia: Bertsozale)

‘Kopla barik’ bertso zirkuitua urriaren 24an abiatuko da

Formatu desberdineko lau saio antolatu dituzte udazkena ere bertsoz josteko.

Bertsozale elkartearen esanetan, “ez dago aitzakiarik, kopla barik. Kulturaz gozatzeko momentu guztiak direlako onak”. Horregatik Kopla barik bertso zirkuitua antolatzea erabaki dute, formatu desberdineko lau saioz osatutako zikloa izango da. Bertso saio musikatua, bertso trama, sariketa eta jaialdia izango dira zikloa osatuko duten saioak, bertsozale guztientzako aukera zabala eskainiz.

Ekimen honekin Bizkaiko Bertsozale Elkarteak plaza berrindartu nahi izan du eta, beste behin, kultura segurua dela aldarrikatu. Hori, denon osasuna bermatuta eta, horretarako, segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta.

Urriaren 24an emango diote hasiera zirkuituari, Mungiako Olalde aretoan, 19:00etatik aurrera. Saio musikatua izango da eta kantuan, Aitor Bizkarra, Arrate Illaro, Ibon Ajuriagojeaskoa, Etxahun Lekue, Malen Amenabar eta Nerea Ibarzabal arituko dira. Gai jartzaile lanetan Idoia Anzorandia ibiliko da eta, musikariak, Ixak Arruti eta Eneko Sierra izango dira.

Bigarren saioak, berriz, bertso trama formatua edukiko du. Azaroaren 14an izango da, Igorreko Lasarte aretoan, 19:00etatik aurrera. Bertan izango dira kantuan Eneko Abasolo Abarkas, Jone Uria, Julen Arzanegi, Miren Amuriza, Txaber Altube eta Unai Mendiburu. Saioko tramagileak Lilibertso bertso-eskolako kideak izango dira.

Azaroaren 28an sariketa jokatuko da Durangoko Plateruena antzokian, hau ere, 19:00etatik aurrera. ALBE Algortako Bertsolari Eskolako kideak izango dira gaiak prestatuko dituztenak eta, bertsotan, Ander Elortegi, Imanol Uria, Irune Basagoiti, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia arituko dira.

Bertsozaleren arabera, zirkuituak sorpresa handia dakar amaieran. Abenduaren 20an, Getxoko Muxikebarri antzokian Bizkaiko zortzi txapeldun batuko dira oholtza gainean. Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Igor Elortza, Jon Enbeita, Onintza Enbeita, Unai Iturriaga eta Xabi Paya arituko dira kantuan. Gai-jartzaile lanetan, Bizkaiko Txapelketako gai-jartzaile taldea arituko da.

Sarrerak, salgai

Saio guztietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dira. Salgai daude dagoeneko.

Zabaldu: