Eneko Sagardoyren 'Betiko gaua' filma

43 herrialdetako 128 film proiektatuko dituzte Bilboko Zinebi jaialdian

Sail Ofizialaren barruan, Film Laburren Nazioarteko Lehiaketak 58 film aukeratu ditu hautaketa batzordeko kideek aurten ikusi dituzten 3.900 baino gehiagoren artetik. Horien artean zazpi euskal ekoizpenak dira. Aurtengo edizioa azaroaren 10etik 17ra egingo da.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak azaroaren 10ean, ostirala, edizio berri bati hasiera emango dio, Ane Pikazak eta Maria Goiricelaya osatzen duten La Dramática Errante taldeak gidatutako irekiera ekitaldiarekin. Era berean, lehiaketaren 65. edizioko sariak banatzeko itxiera ekitaldia zuzenduko dute Pikazak eta Goiricelayak.

Programazio osoa gaur goizean aurkeztu dute Bilbon eta jakinarazi dutenez, 43 herrialdetako 128 filmek hartuko dute parte.

Jaialdiaren proiekzioak bi zatitan banatuko dira: Sail Ofiziala (nazioarteko bi lehiaketak barne) eta beste proiekzio batzuk.

Sail Ofizialaren barruan, Film Laburren Nazioarteko Lehiaketak 58 film aukeratu ditu hautaketa batzordeko kideek aurten ikusi dituzten 3.900 baino gehiagoren artetik. Horien artean zazpi euskal ekoizpenak dira, Jaialdiaren hasiera ekitaldiaren amaieran proiektatuko direnak Agrio (David Perez Sañudo, 2023), Betiko gaua (Eneko Sagardoy, 2023), In a Nearby Field (Laida Lertxundi y Ren Ebel, 2023), Memories of an Empty House (Bruno Carnide, 2023), La mujer ilustrada (Isabel Herguera, 2023), Todo lo cubre la sal (Joana Moya, 2023) eta Ximinoa (Itziar Leemans, 2023).

Gainera, Catarina Vasconcelos zinemagile portugaldarrak, Neus Ballus kataluniarrak eta Lukas Marxt austriarrak beren film labur berriak aurkeztuko dituzte lehiaketan.

Sail Ofizialeko beste lehiaketa ZIFF – Zinebi First Film opera prima film luzearena da. Honetan hamar herrialdetako bederatzi film luze lehiatuko dira. Horiek artean dago Tamara Garcia Iglesiasek zuzendutako Zarata euskal ekoizpena, eta uztailean FID Marseillen (Estatu frantsesa) mundu mailako estreinaldia izan zuena.

Ohorezko Mikeldi sariak

Hogei edizio baino gehiago dira Bilboko jaialdiak zinema garaikideko izen garrantzitsu batzuen ibilbide profesional eta artistikoa aitortzen dituela. Hala, 65. edizio honetan Frederick Wiseman eta Rita Azevedo Gomes zinemagileek eta Felix Linares kazetari eta zinema kritikariak jasoko dituzte Ohorezko Mikeldi sariak.

Palmaresari dagokionez, Zinebik azaroaren 17an emango du ezagutzera. Sail Ofiziala-Film Laburren Nazioarteko Lehiaketaren irabazleak Cannesko Zinemaldiko Short Film Corner programaren koordinatzaile Florian Fernandezek, Haruka Hama Yamagatako (Japonia) Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiko zuzendariak, Mariana Hristova zinema kritikari eta programatzaile bulgariarrak, Estibaliz Urresola zinemagile euskaldunak eta Alberto Vazquez animazio zuzendari, ilustratzaile eta marrazkilari galiziarrak osatutako epaimahaiak aukeratuko du.

Sail Ofizialeko – ZIFF – Zinebi First Film Nazioarteko Lehiaketa sariak Diana Bustamante ekoizle eta zuzendari kolonbiarrak, Birgit Kohler Berlingo Zinema eta Bideoarte Institutuko programazio arduradunak, eta Rocio Mesa zinemagile espainiarrak osatutako epaimahaiak emango ditu.

Sail paraleloen barruan, Zinebik 2023ko film luze dokumental onenetako batzuk aurkeztuko ditu Beautiful Docs. Munduko film luze dokumentalen panorama sailean, azken hamabi hilabeteetan mundu osoan estreinatutako hamar film luzeren sorta.

Horien artean, aurreko Berlinaleko Urrezko Hartza irabazi zuen Sur l’Adamant (Nicolas Philibert, 2023) filma, Zinebi 2019ko Ohorezko Mikeldiko dokumentalik berriena Claire Simonen Notre corps (2023) edo Virginia Garcia del Pinoren film berria La estafa del amor (2023).

Bertoko begiradak

Jaialdiak euskal zinema berrienarekin duen konpromisoa urtero indartzen du Bertoko Begiradak programazioarekin. Sail honekin osatzen du Zinebik Sail Ofizialean aipatutako panorama (aurten zazpi film labur eta euskal film luze bat izango dituena).

Edizio honetan, 20 film labur eta sei dokumental izango dira sail honetan, eta honako hauen film berriak ikusi ahal izango dira: Marta Etura (Lucia), Lara Eizagirre (Pelikula baten bila), Irati Gorostidi (Contadores), Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufia (Arnasa betean, emakume zinegileak), Gentzane Martinez de Osaba (Aire!), Ainhoa Gutierrez del Pozo eta Olatz Gonzalez Abrisketa (Pizti bat agian) edota Jose Alberto Andres Lacastaren Manolo Kabezabolo (Si todavía te kedan dientes es ke no estuviste ahí), dokumental luzea, punk musikari ikonikoarekiko hurbilketa oso pertsonala.

Jaialdiak, beste behin ere, hainbat gunetan izango da: Arriaga Antzokia, Guggenheim Museoa, Bilborock, BBK Aretoa, Golem Alhondiga Zinema eta Alondegiako auditorioa.

Aurtengo berrikuntza gisa, Zinebik EITBren Primeran doako plataforma digitalera zabalduko ditu bere proiekzioak. Plataforma horrek jaialdiaren aurreko edizioetan proiektatu diren euskal produkzioko filmen sorta bat jarriko du herritar guztien eskura.

Gainera, Zinebik aurten ere bilduma berezi bat izango du Filmin ikus-entzunezko edukien plataforman. Bertan, aurreko edizioetan programatu izan diren dozenaka film egongo dira eskuragarri.

Zabaldu: