Isabel Hergeraren 'Sultanaren ametsa' filma

Estibaliz Urresolaren ‘20.000 erle espezie’ filmak irekiko du Tokyo International Film Festivaleko Euskal Leihoa

Gaurtik azaroaren 1era arte izango den A kategoriako zinema jaialdiaren World Focus sailean kokatuko da euskal zikloa, Spotlight: Basque Cinema izenburupean.

Gaur emango diote hasiera 36. Tokyo International Film Festivalaren aurtengo edizioari eta jaialdiaren hasierarekin batera, Etxepare Euskal Institutuak jaialdiarekin antolatutako Spotlight: Basque Cinema euskal leihoa ere abiatuko da. Honetan, azken urteetako euskal emakume zinemagileek zuzendutako bost film ikusteko aukera egongo da. Euskal Leihoa World Focus sailean kokatuko da, munduko zinemaren egungo joerak islatzen dituzten filmak aurkezten dituena.

Hala, Euskal zinemak Asiako zinema jaialdirik garrantzitsuenetarikoan eta munduko esanguratsuenetarikoan lekua izango du lehen aldiz Etxepare Euskal Institutuaren eskutik.

Zikloak azaroaren 1era bitartean bost euskal film aurkeztuko ditu.Hala, leihoari hasiera emango dio Estibaliz Urresolaren 20.000 erle espezie filmak eta Isabel Hergeraren Sultanaren ametsa, Jaione Cambordaren O corno / The Rye Horn, Rosa Zufía eta Bertha Gaztelumendi zuzendarien Arnasa Betean: emakume zinemagileak eta Silvia Munteken Las buenas compañías / In the Company of Women filmekin batera, euskal zinemari eskainitako atala osatuko dute.

Film bakoitzak lau proiekzio izango ditu, eta urriaren 31n, 20.000 especies de abejas eta Sultanaren ametsa filmen proiekzioen ostean, Estibaliz Urresolak eta Isabel Herguerak bakoitzaren filmaren inguruko solasaldia eskainiko dute bertatik bertara. TIFF Tokyoko Euskal Leihoaren programazioa osorik zinema jaialdiko webgunean dago eskuragarri.

Zabaldu: