(argazkiak: Bizkaiko Batzar Nagusiak)

‘50eko hamarkadako emakume langileak. Landa eta lantegi artean’ erakusketa zabaldu dute Bilbon.

40 argazkiren bitartez, XX. mendearen erdialdean Bizkaiko industrializazio-prozesuan emakumeak bete zuen leku garrantzitsua laburbiltzen da. Erakusketa doakoa izango da eta apirilaren 13ra arte egongo da zabalik Batzar Nagusietako erakusketa aretoan.

Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna dela eta, Bizkaiko Batzar Nagusiek 50eko hamarkadako emakume langileak. Landa eta lantegi artean izeneko erakusketa aurkeztu dute. “Herriaren industrializazioan leku garrantzitsua bete zuten Bizkaiko emakume guztiei egindako omenaldia eta aintzatespena” dela diote antolatzaileek. Enkarterriko hainbat elkartek, udalek eta partikularrek lagatako berrogei argazkik hamarkada haietako Bizkaiko industriako lanpostuetan emakumeek egindako lana erakusten dute; La Conchita edo La Encartadako (Sodupe eta Balmaseda) edo Rica Hermanos-eko (Alonsotegi) harigintza eta ehungintzatik hasi eta Garsan (Gordexola) txorizoak egitera edo Plomos enpresan (Zalla) hodiak ekoiztera.

Erakusketa Abellanedako Enkarterrietako Museoak egin duen Emakume Langileak proiektuaren plater nagusietakoa dela diote antolatzaileek. Proiektu horren barnean daude laster argitaratuko den Javier Barrioren Obreras. Lantegietako Emakumeak liburua, gai horren inguruan Abellanedan egingo den erakusketa handia, eta aurrerago ezagutuko diren hainbat jarduera pedagogiko eta kultural. Ekimena XIX., XX. eta XXI. mendeetako Bizkaiko industriaren garapenean emakumeek izan zuten ekarpena aintzatesteko eta horretan lan egiteko asmoaren barruan sartzen da.

Erakusketaren kasuan, zuri-beltzeko argazkiek 50eko hamarkadan, eta Kadagua bailarako 11 lantegitan (Lacabex-La Guata, La Papelera, Serrano, Plaza, Plomos, Garsa, La Conchita, Rica, Muebles, Rodet eta La Encartada) egindako lana islatzen dute. “Enkarterriko enpresa horietan funtsezkoa izan zen emakumearen presentzia, kasu batzuetan ezinbestekoa eskualdeko enpresa-ehunak bizirik irauteko”, nabarmendu dute. Irudiak, La Encartadarenak, Ganbara Elkartearenak (Sodupe), Harresi Elkartearenak (Balmaseda), Zallako eta Gordexolako udalarenak eta eskualdeko hainbat bizilagunenak, Esther Vegas Zugastirenak eta Mari Jose Zarzosarenak dira, besteak beste.

Irudiek garai haietan sendotzen ari zen errealitatea islatzen dute, hau da, emakumearen gero eta presentzia ugariagoa lurraldearen industrializazio-prozesuan. Lantegi batzuetan emakumeak gehiengoa ziren. Enkarterriren kasuan, zakuak, txapelak, mantak, hortzak garbitzeko pastarako hodiak, komuneko papera, ezpainzapiak edo papera egin zituzten, altzariak bernizatu, hestebeteak egin… eta gero produktu horiek merkaturatu egiten ziren. “50eko hamarkadarako, emakumeak zeregin garrantzitsua zuen Bizkaiko industrian”.

Garai haietako errealitate sozialak lanbidea laster uztera behartzen zituen emakumeak. “Gazte hasten ziren beharrean, 14 urterekin, eta gehienak 8 edo 10 urte egin eta gero uzten zuten lantegia, ezkondu ostean, garai haietako printzipio sozial zurrunek ezartzen zuten moduan, ama izatea nagusitu egiten zelako. Hala ere, batzuek lan-ibilbide luzea izan zuten, eta lantegietako lana eta etxekoandrearen zereginak bateragarri egin zituzten. Lur orotako emakume bihurtu ziren”.

Erakusketa apirilaren 13ra arte egongo da zabalik Bilbon, handik Enkarterrietako Museora (Abellaneda) eramango dute. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak azaldu duenez “lan honek hasitako bideari jarraitu nahi dio, eta emakumeek Bizkaiko industrian izan duten errealitatean sakondu nahi du, ekarpen horrek iraganeko pentsamoldeak aldatzen eta gure gizartearen bilakaera gizonen zein emakumeen beharraren ondorio izan dela aitortzen lagunduko duelakoan”.

Zabaldu: