Manu Arakama argazkilariaren 'Gasteizko Korrika urtez urte' erakusketa ere antolatu dute (argazkia: Orbain)

Gaur abiatuko da Reggae Astea Gasteizen

Gaurtik hasita martxoaren 12ra bitartean, Reggae Astea antolatuko du Orbain Kultur Elkarteak, Zuretzako Mezua kolektiboarekin elkarlanean. Dokumental baten proiekzioa, pintxadak eta Kultura Reggae Band taldearen kontzertua izango dira. Horretaz gain, Orbainek Gasteizko Korrika Kulturalean parte hartuko du, Manu Arakama argazkilariaren Gasteizko Korrika urtez urte izeneko erakusketarekin.

Gasteiz eta Jamaika. Punka eta reggaea. Ez dira inondik inora txanpon beraren bi aldeak, baina lotura estua izan dute azken hamarkadetan zehar, Potato taldeak abesten zuen Punki reggae party kantak argi utzi zuen bezala. Bi kontrakultura horien arteko elkarlana oinarri, Orbain Kultur Elkarteak Reggae Astea antolatu du aste honetarako, Zuretzako Mezua reggae kolektibo gasteiztarrarekin batera.

Gaurtik larunbatera, lau egunez, Jamaikako kulturan eta musikan murgilduko da Navarro Villoslada kaleko 8. zenbakiko lokala. Lehen hitzordua asteazkenean izango da, 19:00etan, 1968an sortutako Trojan Records zigiluaren historiari buruzko Rudeboy: The Story of Trojan Records dokumentalaren emanaldiarekin. Jamaikako eta Erresuma Batuko kulturen arteko maitasunaren istorioa kontatzen du filmak, azken hamarkadetako diskoetxe garrantzitsuenetako bat izandakoa eta berarekin lan egin duten artisten testigantzak ardatz hartuta.

Bigarren txanda Dok Txorru Slktr selektorearena izango da, ostegunean, 19:30etik aurrera. Punky Reggae Party arimari eutsiz, diskoak eta hitzak protagonista izango dituen pintxarlatada eskainiko du.

Ostiralean, 19:30etik aurrera, Zuretzako Mezuako hainbat selektorek —besteak beste, Suber Heat, Toni Dekker, Sweet Jamaik eta Paolo Selektah— biraka jarriko dituzte Orbain Kultur Elkarteko platerrak, atzoko eta gaurko jamaikar doinu dantzagarrienekin; baina, punk musikak ere merezitako lekua izango du sesioan.

Azken hitzordua larunbatean izango da, 19:00etatik aurrera, Kultura Reggae Band taldearen eskutik. Dav Kingston artista bolikostarra buru duen reggae talde arabarrak 2021ean kaleratu zituen bere lehen abesti propioak, Bob Marley edo Alpha Blondy bezalako artisten bertsioak egiten hainbat urte eman ostean. Orain, pandemiaren unerik latzenak atzean utzita, lan hori jendaurrean aurkezteko aukera izango dute oholtza gainean. Kontzertuaren ostean, Galaxia DJk itxiko du jardunaldia eta Orbaineko jamaikar egitarau berezia.

Zuretzako Mezua kolektiboa

Musika jamaikarraren maitaleak bildu eta kultura reggaezalea lau haizetara zabaltzeko asmoz, Zuretzako Mezua kolektiboa 2018an sortu zen Gasteizen. Azken bi urteetako pandemiaren ostean, platerrak eta bozgorailuak berpiztu eta kaleak astintzeko gogoz itzuli dira, “betiko zein belaunaldi berriko selektoreen milizia indarberrituta”.

Korrikari buruzko erakusketa

Orbain Kultur Elkarteak ere Gasteizko Korrika Kulturalean parte hartuko du, Manu Arakama argazkilariaren Gasteizko Korrika urtez urte izeneko erakusketarekin. Joan den ostiralean, martxoaren 4an, zabaldu zituen ateak eta apirilaren 11ra arte egongo da ikusgai, ostegun, ostiral eta larunbatero, 19:00etatik 22:00etara. Ohikoa denez, apirilaren 1ean, Korrika Arabako hiriburutik igarotzen den egunean, kilometro propioa izango du Orbainek, punk mugimendutik euskarak beharrezkoa duen bultzada emateko asmoz.

Zabaldu: