(argazkia: Jaizki Fontaneda / FOKU)

Bost ipuin Julen Belamunoren ‘Hotz industriala’ izeneko liburu berrian

“Pertsonaiek ezinegona sortzen dien zerbait daukate, askotan iraganetik datorren zama bat da, lehenago gertatutako zerbaitek orain ondorioak dituelako, edo ahaztu nahi duten zerbaitek jarraitzen dituelako”.

Bost ipuinez osatuta dator Julen Belamunoren (Azpeitia, 1959) Hotz industriala, (Susa) idazlearen bigarren ipuin bilduma.

Hotz industriala izenekoa dugu aurreneko ipuina, liburuari ere izenburua ematen diona. Pabiloi industrial batean lan egiten duten bi langile dira kontakizun honetako pertsonaia nagusiak: Lezeta eta Gari. Lan arazoak dituzte eta bien artean dagoen tentsioa nabarmena da ipuinean zehar. Horretaz gain, bada pixkanaka azaleratuko den beste arazo bat: Lezetak emakume gazte batekin daukan harremana eta horrek sortu dizkion buruhausteak. Belamunok azaldu duenez, ipuin hau da hirugarren pertsonan kontatuta dagoen bakarra, beste guztiak lehen pertsonan kontatuta daude.

Idazleak Alemaniako hiri galdu batean kokatu du bigarren istorioa. Bertan, Martin, 80ko hamarkadan Euskal Herritik ihes egin zuen gizona bizi da, mundutik eta iraganetik erabat aparte. Denek ahaztu dutela uste duenean, protagonistak euskaraz idatzitako gutun bat jasoko du eta hor Alemaniara eraman zuten arrazoiak azaleratzen hasiko dira. “Iragan urrun horretan zer gertatu zen azalduko da”, kontatu du Belamunok.

Hirugarren ipuineko protagonista belarriko minez farmazia irekitzeko zain dagoen artista bat dugu. Itxaronaldi horretan, bere antz handia duen gizon dotoreago batekin egingo du topo, bere ispilu moduko funtzioa nolabait beteko duena. “Bi pertsonaia hauek artistak dira”, dio idazleak. Pixkanaka, aurrenekoak artean egin duen ibilbidea azaleratuko da, eta baita iraganeko harreman bat ere. Ipuin honek “aluzinazio puntu bat” duela azaldu du Belamunok.

Emakume bat da laugarren kontakizuneko protagonista, berak eta bere senarrak etxe bat erosiko dute Errioxan. Bertako lursail bat aldatzeko senarrak dituen proiektu batzuek, baina, aurreko jabearen semeak dituen asmo batzuekin talka egingo dute. Erositako etxera hurbilduko da jabe ohien semea eta zuhaitz bat ez botatzeko eskatuko die. Ipuin honetan “bi lerro daude, batetik emakume horrek bere gizonarekin duen harreman gatazkatsua, eta jabe ohiaren semearekin duen konplizitatea”.

Denetan luzeena da bildumako azken ipuina. Gasteizko Antso Jakituna Fundazioan lan egiten duen teknikari bat da istorio honetako pertsonaia nagusia. Anderrek Italiatik kontsulta bitxi bat jasoko du, jauregi zahar batean koadro berezi batzuk agertu dira eta aspaldi ahaztutako pintore baten gaineko ikerketan parte hartu beharko du. Belamunok azaldu duenez, berezitasun gisa, “ipuin honen barruan beste bat ere badago”.

Liburuan ez dago ipuin guztiak harilkatzen dituen gai nagusirik, baina bai konstante batzuk, identitatearen arazoa kasu, “beste norbait izateko gogoa, aurreko nortasunarekin hausteko gogo bat nabaritzen zaie pertsonaia batzuei”, dio egileak. Gai honi lotuta, liburuko bi ipuinetan pertsonaia nagusiaren paralelismoa ere ageri da, eta aluzinazio giroa ere bada lan honetako ezaugarrietako bat.

Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak adierazi duenez, “pertsonaiek ezinegona sortzen dien zerbait daukate, askotan iraganetik datorren zama bat da, lehenago gertatutako zerbaitek, orain ere, ondorioak dituelako, edo ahaztu nahi duten zerbaitek jarraitzen dituelako. Gatazka momentu batean harrapatzen ditu kontakizunak protagonistak”. Editorearen arabera, irakurlea “geruzaka joango da zama horren berri izaten, narratzaileak estratuen metatze moduko bat erabiltzen baitu eta apurka sakonago murgiltzen gaitu istorioan”.

Bestalde, pertsonaia guztiak oso egoera larrian bizi diren arren, bukaeran tragediarik edo amaiera ilunik ez dagoela dio Belamunok, “leiho berri bat irekitzen da”. Iritzi berekoa da Lopez Ziluaga ere, “bada itxaropenerako tarte bat, itxaropen hori prekarioa bada ere edo momentuko arnas hartze bat besterik ez bada ere”.

Idazkerari dagokionez, estiloa da Susako editorearen arabera, ipuinak lotzen dituena, “Belamunok esaldi luzeak idatzi ditu, xehetasunei erreparatu die eta horrek erritmo pausatua ematen die ipuinei. Narratzaileak erritmo horren bitartez, pixkanaka eramaten du irakurlea egoeraren argazki oso bat osatzera”.

Zabaldu: