Abenduaren 14ra arte bisitatu ahal izango da erakusketa Aieteko Kultur Etxean.
Donostiako Literaktum jaialdiaren baitan, Aieteko Kultur Etxeak 72kilos marrazkilariaren Emozioetatik marrazketara erakusketa ireki du. 72Kilos ezizenaren atzean Oscar Alonso idazle eta ilustratzaile bilbotarra dago; bere marrazkietan gure egunerokotasunean jasotako gertakariak laburbiltzen ditu. “Trazu sinple baina sakonarekin emozio unibertsalak, eguneroko pentsamenduak eta milaka pertsonarekin konektatzen duten hausnarketa txikiak atzematen ditu. Bere biñetek ispilu intimo gisa funtzionatzen dute, geure burua ezagutzeko eta lagun sentitzeko”, azaldu du Donostia Kulturak.
Publiko ezberdinengana iristeko hausnarketa gunea izan nahi du Literaktum jaialdiak, aldaketa eta kultura digitalaren garaiotan komunikazio kanal eta adierazpen modu berriekin konektatzeko. Horregatik aukeratu eta ekoitzi dira Aieten Alonsoren berrogei ilustrazio hauek, espresio berriaren abangoardian dagoen artista.
72kilos bezalako ilustratzaileek teknologia berrien ahalmen sortzailea eta komunikatiboa aztertzen dute, kanal irisgarrien bidez, eta, horregatik, Literaktumek formatu horien erakusleihoa da, hitzaren eta marrazkiaren inguruan sortzen ari diren forma berriak jasotzeko.
72kilos proiektua
Oscar Alonso (Bilbo, 1983) Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Publizitatean lizentziatu zen eta hainbat publizitate-agentziatan egindako sormen-lanari esker, eraginkortasunez eta originaltasunez komunikatzeko teknikak eta baliabideak menderatu ditu. 72kilos proiektuarekin 2008an hasi zen, lagunekin 92 kilotik 72ra jaisteko apustua egin zuenean. Orduan, blog bat ireki zuen bere helburuaren izenarekin: 72kilos. Prozesuan zehar, running-a eta marrazkia uztartu zituen, eta egunero bineta bat marrazten hasi zen; bertan bere egunerokoa kontatzen zuen, hausnarketa eginez. Bloga oso ezaguna egin zen eta milaka bisita eta iruzkin jasotzen hasi zen; urte baten buruan, Alonsok bere helburua lortu zuen eta 20 kilo galdu zituen, apustua irabaziz.