(argazkia: Ikastolen Elkartea)

8.000 lagunek Errenteria, Pasaia eta Donostia batu dituzte ‘Batasunaren bidean’ giza katean

Euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko antolatu dute ekimena.

Errenteria eta Donostia lotu dituen giza kate erraldoia osatu dute gaur 8.000 lagunek, euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko. Ekitaldia Orereta ikastolak sustatu du, eta ikastolen jai guztiek osatzen duten Ikastolak Herriari egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute. Antolatzaileen esanetan, “giza kate alai eta koloretsua izan da, euskara batuari gorazarre egiteko 8.226 metroko soka luzea”.

Ekimenaren bidez, transmisioa eta jarraitasuna irudikatu nahi izan dutela nabarmendu dute.

Goizeko 10:45ean hasi da ekitaldia Errenteriako Agirre Lehendakaria plazan, eta 11:00etan eman zaio hasiera giza kateari. Ordu erdiz lotuta egon dira Errenteria, Pasaia eta Donostia, eta horren ostean, giza katean parte hartu dutenak ibilbidean prestatuta zeuden bost guneetara hurbildu dira, goizeko saioari amaiera emateko jaian parte hartzera.

Transmisioaren garrantzia irudikatzeko, ekitaldiak ikasleak izan ditu protagonista. Egun ikasten ari diren gazte eta gaztetxoei euskara batuaren balioa helarazi, eta bera sortzeko testuinguru historikoa eta bere bilakaera azaldu zaizkie, giza katearen amaieran eginiko ekitaldietan ikasleetako batzuek irakurri duten idazkiaren eta egunotan ikastoletan euskara batuaren inguruan egin den lanketaren bitartez .

Gazteek eurek transmititutako pozarekin batera, ekitaldiaren amaieran musikak eta dantzak hartu dute protagonismoa, eta konfeti erauntsi batekin eman diote amaiera ekitaldiari. “Giza katearen hasieran parte hartzaileen artean banatu diren zapiek ere lagundu dute ekitaldiari kolorea ematen”, adierazi dute.

Euskararen batasunaren bidean itzal handia izan duten hamabost bidegile ere omendu dira, eta horretarako prestatutako bost guneetan haien berri eman da panel batzuen bitartez. Hurreratutako guztiek jaso dute, beraz, Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Henrike Knörr, Arantxa Urretabizkaia, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean- Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k egindako ekarpenaren berri, eta hamaseigarren bat ere aipatu da: euskaldun guztiak: “euskaraz mintzatuz, entzunez, irakurriz, idatziz, ikasiz, lan eginez, abestuz, jolastuz… egunetik egunera, euskara biziberritzen dugulako” .

Zabaldu: