Donibane Garazin egindako ekitaldia (argazkia: AEK)

80 ekitaldi baino gehiago aurten ere euskararen lekukoa kalean egon dadin

AEK-k 80 ekitaldi baino gehiago antolatu zituen atzo, aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin.

Euskal Herriko herrialde guztietan izan ziren ekitaldiak, eguerdiko 12etan, “ekitaldi xumeak izan ziren, ordu erdikoak, unean uneko osasun-neurrietara zeharo egokituak”. Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara! izeneko dinamikaren barruan antolatutako ekitaldi hauek, aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko izan dira.

AEK-k azaldu duenez, “euskaltegiek mende erditik gorako ibilbidea egin dute, eta, poztasunez, esan behar dugu ondorio emankorrak sortu dituztela; gaur, alde batetik, nabarmendu nahi izan dugu, bereziki, aurten ere euskaltegietan ari diren irakasleen eta ikasleen ahalegina”. Baina oraindik lan handia dagoela egiteko azpimarratu dute, “beraz, euskaltegi guztiak dira beharrezko jendarte euskalduna amets badugu. Euskaltegi sendoak behar ditugu, Euskal Herri osoko herritarrei euskara ikasteko aukera emateko baldintza egoki guztiekin. Horretarako, ezinbestean, EAEko, Nafarroako eta Ipar EHko administrazioetatik bultzada estrategikoa eman behar zaio arloari. Herritarren nahiz mota guztietako eragileen bultzaden ondorioz, agintari politikoak mugiarazi nahi ditugu. Apirilaren amaieran, Bultza euskaltegiak! dinamikaren barruan, gutun bat helaraziko diegu Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan
euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota”.

Era berean, “Azken urtean bizi izan dugun eta bizi dugun egoera korapilatsuak ez digu utzi euskararen aldeko ekimenik garrantzitsuena aurten egiten. Korrika atzeratu dugu, baina ez dugu bertan behera utzi; eta, gainera, azpimarratu behar dugu oraindik ere nahitaezkoa dela duela 40 urte jaio zen ideia ero eta zoragarri hura gauzatzea”. Hortaz, AEK-n buru-belarri ari dira lanean datorren urtean 22.Korrika egin ahal izateko.

22. Korrika inoiz baino beharrezkoagoa izango dela adierazi dute, eta “guztion bultzada beharko dugu. Ziur gaude babes erraldoia jasoko dugula”. 22. edizioa  2022ko martxoaren 31tik, apirilaren 10era izango da.

Zabaldu: