Uztailaren 3ra bitartean, Euskal Herriko zein nazioarteko kale antzerki taldeak ariko dira hirian.
Ekainaren 28tik uztailaren 3ra bitartean, 22. Kalealdia ospatuko da Bilbon, Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia. Euskal Herriko zein nazioarteko taldeek parte hartuko dute bertan. Udalak aurten markatutako ibilbide-orriaren ildotik, jaialdiak gogor egin du euskal konpainien presentziaren alde. Gonzalo Olabarria Bilboko zinegotziak azpimarratu duenez, “Bilbo antzerkiarekin eta kaleko arteekin murgildutako hiria izango da aurten ere, nolabait normaltasuna berreskuratuko duen jaialdi honekin. Hori bai, dagozkion segurtasun- eta higiene-neurri guztiekin. Ohiko datetara itzuliko da, eta nazioarteko konpainia entzutetsu asko hirira itzuliko dira edizio biribil batean parte hartzeko, estreinaldi ugarirekin”.
Hala, kartela osatzen duten 28 konpainietatik, 12 euskaldunak dira: Rojo Telon, Maite Guevara, Boni eta Juan Palomo, Amaia Elizaran, Hortzmuga Teatroa, La Pez Konpainia, Malas Compañias Zirko Taldea, Harrobi, Eva Guerrero CIA, Deabru Beltzak, Kolektivo Konika eta Ertza izango dira Kalealdian parte hartuko duten euskal taldeak. Besteak beste, Frantzia, Portugal, Brasil eta Herrialde Katalanetatik iritsitakoak izango dira gainontzekoak. Denetara 58 emanaldi eskainiko dituzte.
Jaialdia hirian zehar banatutako zortzi agertokitan egingo da: Casilda Iturrizar parkean, Arriaga plazan, Areatzan, Areatzako kaian, Gas plazan, Areatzako aterpeetan eta EHU Bizkaia Aretoan.
Gonbidapenak eta sarrerak
Jaialdiko proposamenetako batek bakarrik beharko du sarrera: Jean Philippe Kikolasen Calor ikuskizunak. Emanaldi honetarako sarrerak salgai daude jada 3 euroan. Bildutako guztia ADEMBI Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteari emango zaio. Calor ekainaren 28, 29 eta 30ean emanaldi bikoitzean ikusi ahal izango da, 18:30ean eta 20:30ean, Doña Casilda Iturrizar parkean. Ikuskizun honek clowna eta zirkoko arteak uztartzen ditu unibertso oniriko eta poetikoan, eta ikusleak sentitzera, imajinatzera eta barre egitera, pentsatzera eta jolastera gonbidatzen ditu.
Gainerako emanaldiak doakoak izango dira, baina esteka honetan eskuragarri dagoen gonbidapen bat beharko da, emanaldi bakoitza hasi baino 48 ordu lehenagotik lortu ahal izango dena.
Pertsona bakoitzak gehienez ere bi gonbidapen gorde ahal izango ditu. Sarrera mailakatua izango da, eta jarduera bakoitza egiten den espaziora sartu ahal izango da jarduera hasi baino 30 minutu lehenago.
Ikuskizunei eta konpainiei buruzko informazio guztia hemen kontsulta daiteke.