Nøgen taldeak ´Liv Til Døden´ izeneko diskoa kaleratu du

Iraupen luzeko lehen diskoa plazaratu du Donostiako boskoteak. Iragarri dutenez, lan osoa plataforma digital guztietan entzungai dago jada eta aurrerapen kantu gisara, Ez da ondo aterako bigarren singlearen bideoklipa aurkeztu dute, honetan La M.O.D.A. taldeak ere parte hartu du.

2016ko Danimarkako Erasmusaren gau luzeek jo zituzten Nøgenen lehen ukelele akordeak eta, hauen eskutik ilusioan, herriminean eta malenkonian lotutako Markel Idigorasen aurreneko melodia eta hitzak. Bere barrena islatzeko eta biluzteko nahi hura (Hori baita Nøgen: Biluzik) berekin ekarri zituen Donostiara bueltan eta segituan kutsatu zituen Alex Irazustaren kitarra eta Ane Neguerelaren ahotsa.

Hirukote gisa hasi zuen bere lehen ibilbidea Nøgenek eta hainbat kontzertu eman zituen 2016ko udan, gehien bat pop-folk alaiaren inguruan dabiltzan kantu propioekin. Soinu sendoagoa eta handiagoa bilatu nahian, urte amaieran Olatz Cuevas baxu jotzailea eta Jokin Guilisagasti batería jotzailea batu zitzaizkien, eta 2017ko udarako boskotean aritu ziren zuzenean.

Proiektuak aurrera egiten zuela ikusita, taldeak 2018aren hasieran lehen lan luzea grabatzeko apustua egin zuen, Liv til døden (Hil arte bizi) izenekoa. Bederatzi kantu biltzen ditu disko berri honek, denak pop-folk estiloan oinarrituta. Talde gaztea izan arren, Eider Saez abeslari berriaren laguntzarekin heldutasun musikala lortzen ari direla defendatu nahi du Nøgenek , oholtza gainean, hurrengo emanaldietan.

Lan berriaren aurkezpen kontzertua Donostiako Antzoki Zaharrean izango da abenduaren 27an.

Zabaldu: