(argazkia: Alberdania)

Carolina Luzon idazle eta marrazkilariak ‘Haurdunaldi Game’ liburu ilustratua aurkeztu du

Ama izatekotan direnei hitz egiten die zuzen-zuzenean egileak, umorea eta ironia baliatuz.

Haurdunaldi Game izeneko liburu ilustratua dakar oraingoan Carolina Luzon idazle eta marrazkilariak. Gaur aurkeztu du lana bideokonferentzia bidez, Jorge Gimenez Bech Albedarniako editorearekin batera.

Egilea Italian bizi da azken urteotan, eta han du bere artegintzarako “kanpamendu nagusia”. Arte Ederretako doktorea da Granada eta Sevillako unibertsitateetan. Ibilbide luzeko margolaria da, erakusketa ugari egin ditu Estatu espainiarrean, Estatu frantsesean, Italian eta Estatu Batuetan, eta hainbat sari garrantzitsu jaso du. Haur literaturaren alorrean, bost liburu argitaratu ditu, hainbat idazlerekin elkarlanean.

Editoreak azaldu duenez, iaz izan zuten Luzonen lana ezagutzeko aukera, argitaletxeak Argibide liburua (Nola funtzionatzen du 0-6 urteko haur batek) argitaratu zuenean. Lan hartan guraso berriei, eta bereziki ama izan berriei, zuzentzen zitzaien idazlea, umore finez blaituriko samurtasunez, mundura ekarri berri duten “gailu” berezi horren nondik norakoak azalduz eta haien kontura irribarrea eta algara eraginez. Haurdunaldi Game liburuak, berriz, ama izatekotan daudenei hitz egiten die zuzen-zuzenean egileak, umorea eta ironia baliatuz.

Luzonek argitu duenez, “bideo-joko baten jarraibideen itxura eman diot oraingoan liburuari, horren tankera hartzen baitiot nik haurdunaldiari: rol-joko berezi batean bezala, ama izatekotan den emakumeak bere barru-barruko beldurrak gobernatu beharko ditu, ezin konta ahala proba gainditu, bizia arriskatu eta bere maitasun-harremana bera ere proban jarri, eta hori guztia irribarrea eta, ahal dela, buruko osasuna galdu gabe. Pentsa ote liteke joko erakargarriagorik?”.

“Bideo-jokoak” bederatzi pantaila ditu, eta amaierako beste bat, “abenturaren goren- gorena”. Aurrera egin ahala, zailtasun-maila handiagoa izango da. Gainera, “amaierako sari bat”  iragarri du egileak: “hezur eta mami ugari izango du: 2,5 kg-tik gora bai behintzat”.

Zabaldu: