(argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua)

Eskubide-murrizketak salatzeko manifestazioa antolatu dute uztailaren 2rako, Iruñean

Mobilizazioa 18:30ean abiatuko da Baluarteko plazatik.

Euskalgintzearen Kontseiluak eskubide-murrizketak salatzeko manifestazioa antolatu du Iruñean, uztailaren 2rako, Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! lelopean. Mobilizazioa 18:30ean abiatuko da Baluarteko plazatik.

Iruñeko Katakrak liburu-dendan egin dute manifestazioa aurkezteko agerraldia, eta, bertan, 2019ko urrian, Nafarroako Justizia Auzitegiak administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen 103/2017 Dekretuaren hainbat artikulu baliogabetzeko argitaratutako epaiaren inguruan egindako irakurketa ekarri du gogora Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok: “justiziari, berdintasunari eta kohesioari muzin egiten dien epaia izan zen” adierazi du. Bide horretan, Kontseiluak Gobernuari eskaera bat egin zion: Justizia, kohesioa eta berdintasuna ardatz dituen gizarte bat eraikitzeko urratsak eman eta ausardiaz, epaiari kasazio-helegitea jartzeko epaiarekin bat egiten ez zuela erakusteko. Egun batzuk geroago eta gehiengo sindikalarekin batera, ehunka herritar bildu zituen Kontseiluak Nafarroako Gobernuko jauregiaren aurrean eskaera hori berresteko, eta Gobernuko ordezkariekin ere bildu zen eskaera bera egiteko.

Bilbaok gogoratu duenez, “Gobernuari ausardia eskatu genion beste garai bateko hizkuntza-politika ilunetara ez itzultzeko, epaiarekiko desadostasuna irmoki agertzeko”. Tamalez, erantzuna bestelakoa izan zen, eta ahalik eta arinen horrelako epaiak saihestuko zituen dekretua onartuko zutela aurreratu zioten ordezkariek Kontseiluari. Bilbaok azpimarratu nahi izan duenez, “2019ko urriaz ari gara hizketan”.

Horrexegatik, hain zuzen, Kontseiluak gaitzetsi zuen Gobernuak helegitea ez jartzeko hartu zuen erabakia, eta “erabakia birpentsatzeko eskaera egin genion Nafarroako Gobernuari, zuzen jokatzeko denbora bazegoelako”, azaldu du.

Urte eta erdiren eta hainbat lan-deialdiren ostean, Kontseiluko eledunak ozen salatu du dekretu berririk ez dela egon. Honakoa izan da, beraz, Nafarroako Gobernuak lan-deialdiekin aurrera eramandako politika: automatikoki baztertu du euskararen ezagutza, derrigorrezkoa edota merezimendukoa ehunka lanpostutan. “Azken hilabeteetan honezkero ahaztutzat genuen hizkuntza-politika iluna aplikatu dute behin eta berriro lanpostu publikoei dagokienez”, gaineratu du Bilbaok.

Dekretu berriaren arriskuak

Horrekin batera, Kontseiluko eledunak dekretu berriaren inguruan zabaltzen ari den eztabaidarekin kritiko agertu da: “Biziki kezkatzen gaitu nola ari den kudeatzen dekretuaren afera: lotsagarria da eragileoi dekretuari buruzko inolako informaziorik bidali ez izana, baina, aldi berean, hedabideetan filtrazioak behin eta berriro egitea”. Bilbaoren hitzetan, “argi dago, hizkuntza-eskubideak alderdikeriekin nahastea dutela helburu”.

Horrekin batera, idazkari nagusiak dekretuaren eztabaida parametro desegokietara eraman nahi izatea salatu du. “Sinestarazi nahi digute dekretuaren korapiloa txikia dela, hain zuzen ere, legeak ezarritako eremu ez euskaldunean euskara ez baloratzea edota alemana bezala baloratu beharko den ebaztea”. Baina eztabaida parametro egokietara eraman eta “onartu behar den dekretuak herritarren euskararen erabilera erosoa bermatzeko balio duen ala ez aztertu beharko da” eledunaren hitzetan. “Dekretu integrala behar dugu, kontuan hartuta herritarrak diskriminatzen dituen legea dugula”.

Zabaldu: