(argazkia: Alberdania)

Goizane Aizpurua idazleak ‘Izarak’ eleberria kaleratu du

Egilearen hitzetan, “emakume ahotsa ardatz sendo hartuz, bizitzan hartutako erabakiak zalantzan jartzea da xedea”.

Goizane Aizpuruak Izarak izeneko eleberria kaleratu du Alberdania argitaletxearen eskutik, Donostiako Udal Liburutegian. Lehen nobela du Debako idazleak, eta Jorge Gimenez Bech editorearen hitzetan, “gezurra dirudi, apustu zehatz bezain osotua dakarrelako Aizpuruaren lanak. Ekoizpen umotua da, zalantzarik gabe, nobela hau, bai formaz, bai idazkeraz umotua. Lorpen harrigarria, lehen eleberri baterako, egilearengan dagoen idazle-senaz pista esanguratsua ematen digun zeinua”.

Hiru pertsonaia nagusi ditu kontakizunak: Ane eta Xabi, bizitza arrunta duen bikote gazte arrunta, eta haien lagun mina, Elene. Oporretan doaz hiruak elkarrekin, eta bidai horren ondorengo urtebetearen buruan, ezerk ere ez du lehenean iraungo.

Abiapuntu horretatik, plano diferenteetan mugitzen den kontakizuna osatu du Aizpuruak. Ez dago narratzaile bakar bat: “Anek hitz egiten du hainbat pasartetan, baina baita narratzaile neutro batek ere beste hainbatetan, eta atal bakoitzaren hasieran ahots ezberdin bat ageri da, gogoetatsua, poetika zeharo propio bat duena, nobelako gainerako ahotsetatik aldenduta baina gehiegi urrutiratu gabe mintzo dena”.

Ane eta Eleneren arteko harremanak osoki inplikatuko ditu biak, arima zein gorputz, eta harreman horren bilakaerak osatzen du eleberriaren hezurdura, “esan genezake bi emakume horien identitatearen eraikuntza dela eleberriaren mamia. Alor guztietara zabaltzen den eraikuntza da: gorputzaren bizipena; intimitatea; rolen banaketa eta haiek barneratzeko modua; bikotea, sexu eta bestelako harremanak; maitasuna… Den-dena”, adierazi du idazleak.

Egileak azpimarratu duenez, bila dabiltza etengabe bi emakumeak, dena kuestionatzeraino daramatzan bilaketa batean bizi dira, ziurgabetasunaren erdian. Elkarren bila, norberaren bila, irtenbide bila: “Emakume ahotsa ardatz sendo hartuz, bizitzan hartutako erabakiak zalantzan jartzea da xedea. Inoiz lehenago izan gabeko zalantzak agertzen hasten zaizkio bereziki Aneri, besteen begiraden bitartez sortutako identitateak eta berak gizarteratu duen ohiko identitateak bat-batean huts egingo balute bezala, lehen dena oinarritzeko balio bazuten ere, orain kolokan ageri baitira, erortzear”.

Xabik, aldiz, bilaketaren antipodetan dagoela dirudi, ziurtasunez eraikitako dorre batean, antza. “Garrantzi berezia dute eleberriaren eraikinean intro modura funtzionatzen duten sarrerek, atal bakoitzari hasiera ematen baitiote. Horrez gain, Txuma Murugarrenen Bizitza garratza da (oraindik ere) abestiko bosgarren urtaroa ekarri dut, zerbait hoberen esperoan ematen den denbora, hain zuzen. Eleberriaren giroa ongi jasotzen duela iruditzen zait”, iritzi dio Aizpuruak.

Goizane Aizpurua Arte Ederretan lizentziaduna da. Lanbidez, zaharberritze eta kontserbazioan dihardu. Formazioz eta lanbidez dago, beraz, hurbil sormenetik, eta, editorearen hitzetan, “horren araberakoa du sentiberatasun artistikoa, artegintzaren hainbat alorretan jardutera eraman duena”.

Antzerkiaren munduan hasi zen testuaren inguruko esperientzia estetikoa lantzen, Goaz antzerki taldeko kide izan baitzen. Alor horretan bertan, gertuko harremanak izan ditu hainbat antzerki idazlerekin, besteak beste Oier Guillan eta Galder Perezekin. 2006an idatzi zuen bere lehen antzerki gidoi luzea, Goaz taldearentzat: Kanika zuri-beltzak. Ez da hori izan, hala ere, plazaratu duen idazlan bakarra: 2013an, Irarrazabalgo hormarteratua izeneko kondaira-bildumarako kontakizun bat eskatu zioten, liburua itxiko zuena hain zuzen ere, eta 2018an, Afasia Airlines poesia-liburua argitaratu zuen, Pasaia Hiria – Xabier Portugal saria irabazi ondoren.

Zabaldu: