Garai gogor bati buruzko kontakizuna dakar Toti Martínez de Lezeak oraingoan. Izan ere, gerra eta gerraostea bizi izan dutenen istorioa gogora ekarri nahi izan du idazle gasteiztarrak Malkoak lur antzuan (Erein) izeneko eleberriaren bidez. “Nobela osoan ez da frankismo, sozialismo, nazionalismo… bezalako hitzik aipatzen, jendeaz hitz egiten dudalako, elkarren aurka borrokatzea erabakitzen duten bi bandoen artean nahi gabe egon diren guzti horietaz”, azaldu du.
XX. mendeko 30eko hamarkadan, Badajozeko herri txiki batean, Damaso, nekazari bat, miseria gorritik atera ahal izateko borrokan dabil eta inguruan gertatzen ari denari ezaxola. Eskualde hartako lurrak jauntxoenak dira, eta herriko jendea goseak hiltzen da. Gerrak iraultzen du Damasoren bizitza, ihes egitera behartuta egongo baita, eta, bitartean, etxekoak derrigortuak egongo dira ahal duten eran bizimodua aurrera ateratzera.
Handik hogeita hamar urtera, Bizkaiko fabrika batean egingo du lan Damasoren seme Manuelek. Urte haietan gertatu zen frankismo garaiko grebarik handiena, eta istilu haietan konprometitua egon zenez, agintariek deserritu egin zuten Extremadurara. Han ikasiko du zer gertatu zen bere gurasoekin eta gainerako senideekin, han aurkituko du bere familiaren hari galdua, ordu arteko bere usteak hankaz goratuz.