Asteazkenero iluntzeko 19:00etan, hainbat musika talderi buruzko filmak eskainiko dira. Duplaren Kkontzertua, berriz, uztailaren 30ean, ostirala, izango da, 20:30ean.
Badira zazpi urte Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak musikariei lotutako dokumentalak eskaintzen hasi zela, Kortxeak & Krispetak zikloaren baitan, eta aurten ere hiru musika dokumental eskainiko ditu udako asteazkenetan. Zikloa borobiltzeko, berriz, 2020an aurrera atera ez zen Dupla taldearen kontzertua izango da.
Zikloa Ivan Castellek zuzendutako The Rise Of The Synths filmarekin abiatuko da, bihar, hilak 7, arratsaldeko 19:00etan. Synthwave (Outrun edo Retrowaveere deitua) izeneko eszena musikal baten sustraietara egiten du bidaia filmak. Musika elektroniko modernoaren eta 80ko hamarkadako pop kulturaren nostalgiaren arteko nahasketa ageri da bertan. “Azken urteotan, Interneteko foroetan joera diskretu bat izatetik, sare sozialetan milioika erreprodukzio dituen azpikultura bat izatera pasa da, mainstreamean eragin geldiezinarekin. John Carpenter ikonikoak kontatua, filmak nostalgia eta musika, sormen prozesuak eta erreferentzia kulturalak, berjabetzea eta bidezko sorkuntza uztartzen ditu”, azaldu dute antolatzaileek.
Uztailaren 14an jarraituko du zikloak Danny Garciaren Stiv filmarekin. Stiv Bators-en bizitzaren errepaso sakona egiten du lan honek, Cleveland, New York, Londres eta Paris ardatz hartuta; izan ere, “sexu, droga eta dezibelio bidezko rock ‘n’ roll bizimoduaren debozio itsuak markatutako punk rock amerikarraren estandartea da berau. Bere idoloen (Alice Cooper, Iggy Pop, Jim Morrison) balentriak errepikatzeko grina eta irudi publiko basati eta autosuntsitzaile batek nortasun samurra, ahula eta haur-izaera ezkutatzen zituen. Dokumentalak berarekin jo zutenen ahotsak biltzen ditu, glam, punk, eta rock gotikoaren izen handien desfilea bilakatuz, Generation X, The Clash, Sham 69 edo Barracudas bezalako taldeekin”.
Hirugarren eta azken filma uztailaren 21ean eskainiko da: sare sozialetan erabiltzaileek aukeratutako Searching for Sugar Man filma, hain zuzen ere. “60ko hamarkadaren amaieran, Sixto Rodriguez, musikari misteriotsu bat, Detroiteko taberna batean bere doinu hunkigarriekin eta bere letra profetikoekin liluratuta geratu ziren bi ekoizlek aurkitu zuten. Bi disko grabatu zituzten, artista bere belaunaldiko handienetakoa bihurtuko zela sinetsita. Hala ere, arrakasta ez zen inoiz iritsi, eta abeslaria desagertu egin zen bere buruaz beste egitearen inguruko zurrumurruen erdian. Bien bitartean, diskoetako bat apartheid-aren Hegoafrikara iritsi zen eta herrialde osoan zehar zabaldu zen grabazio piratetan, Rodriguez askatasunaren eta sistemaren aurkako borrokaren ikur bihurtu zuena. Handik denbora luzera, Hegoafrikako bi jarraitzaile Rodriguezekin zer gertatu zen jakin nahian ibili ziren, eta euren ikerketak aparteko istorio bat ezagutzera eraman zituen”.
Kontzertuari dagokionean, berriz, Dupla bikoa izango da zikloari amaiera emango diona uztailaren 30ean, iluntzeko 20:30ean. Falerina lorategian aurkeztuko dute Mundua geldi egitasmoa. “Nekazal ingurune batean musika urbanoa egiten duen taldea da. Hitz esplizituak erabilita, ikutu elektronikoa zein hip-hop-a nahasten dituen pop musika da beraien marka. Aguraineko bikote honek, hilean behin plazaratzen zituzten ikus-entzunezko kapituluak Youtube kanalean, beraien lehenengo EP-a egiten hasi ziren 2018ko neguan. Zuzenekoetan, ahotsa zein bateria, elektronikaren indarrarekin nahasi eta antzerkiaren antza duen ikuskizun bisuala sortzen dute”.
Filmazpit-ekin elkarlanean, hiru filmak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, euskarazko azpitituluekin.
Horrez gain, azpimarratzekoa da jarduera guztiak doakoak izango direla, baina edukiera mugatua izango denez, gonbidapenak aldez aurretik eskuratu beharko dira astebeteko aurrerapenarekin eta ohiko bideak erabilita.
Antolakuntzak nabarmendu duenez, “datak ez ezik, emanaldiak egiteko espazioak ere egokitu behar izan dira, egoerak eskatzen dituen segurtasun baldintzak bermatzeko”. Proiekzio guztiak Ortuño aretoan izango dira. Kontzertua, berriz, Falerina lorategian egingo da.