(argazkia: Bizkaiko Aldundia)

Foruko herrixka orain dela 2.000 urte nolakoa zen ezagutzeko parada, berreraikitze birtual bati esker

Foruko herrixkarako bisita gidatuen bidez, bisitaria oso modu errealean iraganera egingo du jauzia eta I. mendeko erromatar herrixkaren erreprodukzioa ikusi ahal izango du.

Bizkaiko Foru Aldundiak Ibilbide Historikoak programa abiatuko du bihar, erromatar garaiko edo lehenagoko arrasto arkeologikoak ezagutzeko xedez. Egitasmoaren barruan, gainera, bisita gidatuak egingo dira Bizkaiko interes historikoko hainbat gunetan zehar. Oraingo honetan, berrikuntza handi batekin dator, Foruko herrixkarako bisita gidatuak; bisitaria oso modu errealean iraganera eramango dute eta I. mendeko erromatar herrixkaren erreprodukzioa ikusi ahal izango du.

Tableta baten bidez, bisitan zehar ikusiko dituen hondakinek are zentzu handiagoa hartuko dute, duela ia 2000 urte tokia nolakoa zen ikusteko aukera izango baitu. “Berreraikitze birtual bati esker, historia eta kultura ondarea herritarrei are gehiago gerturatuko zaizkie”, adierazi du Bizkaiko Aldundiak.

Bisitan funtsezko hiru puntu daude, eta haien bidez, esperientzia berri horiek bizi ahalko dira. Horretarako, tabletan botoi bat sakatu, eta herrixkak duela ia 2.000 urteko itxura hartuko du. Lehenengo puntua tailer metalurgiko bat da (II.-IV. mendeak), eta etxeko espazio bihurtzen da (IV. mendea). Bigarren puntua eraikin militar bat da (I. mendea), neurri batean tailer metalurgiko gisa erabiltzen dena (II.-IV. mendeak); ondoren, etxeko espazio bihurtzen da ere (IV. mendea).  Hirugarren puntua patioa duen etxe bat da, domus (I.-II. mendeak).

Esperientzia hori Foruan bizi ahalko da uztailean (hilak 7, 11, 14, 21, 24, 28 eta 30) eta abuztuan (hilak 4, 8, 11, 15, 18, 25 eta 28).

Aurrez aurreko esperientzia eta birtuala bateratzen dituzten bisita horiek Arratzuko Arrolako oppidumean 2019an abian jarritako bisitei gehitu behar zaizkie. Bisita horiek iraganera ere eramaten dute bisitaria, Kristo aurreko IV. mendeko aztarnategia birsortuz. Kasu honetan ere, tableta motako gailu mugikorren bidez, kastroa jatorrian nolakoa zen ikus daiteke, errealitatea berreraikitze birtualarekin bat egiteko tekniken bidez; egungo kastroko aireko bideoekin gozatu ahalko da ere, eta orduko herritarren etxebizitzetako baten benetako berreraikuntzaren 360 argazkiarekin birsortu ahal izango da.

Arrolarako bisita horiek egun hauetarako programatuta daude: uztailak 2, 9, 10, 16, 18, 23, 25, eta 31; eta abuztuak 2, 9, 14, 16, 22, 23 eta 29.

Bisita horiek Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ibilbide Historikoak programaren barruan sartzen dira. Programa horrek bisitak eskaintzen ditu uztailean eta abuztuan Busturialdea-Urdaibaiko eremu arkeologiko nagusiak ezagutzeko eta irailean Zin-bidearen historia ezagutzeko. Uztailean eta abuztuan bisitak egingo dira gune hauetara: Ereñoko Ereñozar Erdi Aroko gailurra; Bermeo eta Busturia udalerrien arteko Tribisburuko erromatar nekropolia; Mundaka, Sukarrieta eta Busturia udalerrietako Katilotxuko ibilbide megalitikoa. Gainera, irailean, Zin-bidearen ibilbidea eskainiko da, haren esanahi historikoaren berri izateko.

Ibilbide gidatu eta pertsonalizatuei esker Bizkaian bakarrak eta apartekoak diren esparruak eta tokiak ezagutzeko aukera izango da, “hain zuzen ere gure lurraldearen historiaren zati handia jasotzen dutenak, besteak beste historiaurreko ehorzketa megalitikoak, Burdin Aroko kastro ikusgarria, ekialdeko kantaurialdean industutako bere ezaugarrietako kokaleku erromatar handiena edo Urdaibaiko Biosfera Erreserba osoarekiko ikuspegi onenak dituen tontorretako batean kokatuta dagoen Erdi Aroko gaztelu baten aztarnak”, azaldu du Bizkaiko Aldundiak.

Busturialdeko Eskualdeko bisita gidatuak uztailean eta abuztuan izango dira, 11:00etan eta 17:00etan. Bisiten egutegia www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean, 688.856.689 telefono zenbakira deituta edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikoan  kontsultatzea gomendatzen da.

Zabaldu: