(argazkia: EIZIE)

‘Hitzak Zaindari’ proiektua abiatu dute euskal liburugintzaren katean lan egiten duten eragileek

kanpaina honetan zaintza izango dute ardatz. Euskal liburugintzak behar duen presentzia areagotu nahi dute beren lana ezagutzera ematearekin batera.

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak Hitzak Zaindari, Literaturaren hitzak zaindari kanpaina jarri dute martxan. Gipuzkoan egingo da egitasmoa, eta zaintza izango du ardatz.

Euskal literaturako bost adituk euskal letretako hogei testu aukeratu dituzte kanpaina honetarako, “zaintzaren hainbat ertz erakutsi nahian, hitzak zaindariak ere badirelako”, adierazi dute antolatzaileek.

Euskal liburugintzaren katean diharduten lau elkarte hauek “orain inoiz baino gehiago, bidea elkar zaintzea delako” aukeratu dute zaintzari buruzko gaia, beren baliabideak baturik literaturaren zaintza goraipatzeko. Aldi berean, xede dute euskal liburuaren kontsumoan eta prestigioan ere eragitea. Gainera, euskal liburugintzak behar duen presentzia areagotu nahi dute beren lana ezagutzera ematearekin batera.

Hauexek dira Hitzak Zaindari egitasmoa osatzen duten ekimen zehatzak:

Erakusketa ibiltaria: #Hitzak zaindari testuak binilo euskarrian egongo dira ikusgai Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan, uztailaren 6tik irailaren 2ra arte. Ondoren, beste lau herritara eramango da erakusketa.

Liburuxka: Erakusketaren testuak biltzen dituen liburuxka argitaratu da, eta doan banatuko zaie erakusketara hurbiltzen direnei.

Aurrez aurreko emanaldia: Zuzeneko emanaldia eskainiko dute Nerea Loiolak eta Imanol Epeldek, irailaren 2an, 20:00etan, Kutxa Kultur Plazan, Zaintzadan izenburupean.

Zabaldu: