Abian da Juana Bizkarra Arte eszenikoen sormena bultzatzeko I. egonaldirako deialdia, Getxon

Abuztuaren 4ra arte egongo da proposamenak aurkezteko epea zabalik.

Getxoko Kultur Etxeak arte eszenikoak sortzeko lehen egonaldi-beka deitu du konpainia profesional, sendotu eta sortu berrientzat, Juana Bizkarra izenekoa, getxoztar askoren seme-alabak hezi eta hazi zituzten bertako ume-zaintzaileen omenez.

Antolatzaileek azaldu dutenez, “Juana Bizkarra arte eszenikoen sorkuntzarako egoitzak euskal kultura-sektoreari lagundu nahi dio, antzerki-, koreografia-, eszena-lanak edo lan performatiboak ekoizteko eta muntatzeko bere espazioa, baliabideak eta diru-hornidura erraztuz, eta, aldi berean, sormen-prozesua Getxoko herritarrei hurbildu nahi die, kulturako ezagutza, esperientzia eta parte-hartzea hobetzeko”.

Hala, programa honen bidez, honako hauek bultzatuko dira: euskal ekoizpen eszenikoa; eremu eszenikorako bitartekaritza-programak egitea; arte eszenikoetako konpainia profesionalen eta tokiko kultura-sektorearen arteko interakzioa, bereziki arte eszenikoei lotutakoa.

Aukeratutako antzezlana ekoitzi eta muntatzeko eta bitartekaritza-plana gauzatzeko epea lau astekoa izango da, irailaren 27tik urriaren 20ra bitartean. Egonaldia Muxikebarri Arte, Kultura eta Kongresu Zentroan izango da eta aurrestreinaldiko bi emanaldi eta obraren entsegu orokor ireki batekin amaitu beharko du.

Abuztuaren 4ra arte egongo da proposamenak bidaltzeko epea zabalik. Eskabideak modu telematikoan bakarrik aurkeztu beharko dira www.getxo.eus webgunean.

Oinarriak, hemen.

Zabaldu: