(argazkia: Orbain kultur elkartea)

Gasteizko Orbain kultur elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu seigarren urteurrena ospatzeko

Bost kontzertu, lau liburu aurkezpen eta erakusketa bat antolatu dituzte irailerako.

Sei urteko ibilbidea ospatzeko asmoz, Gasteizko Orbain Kultur elkarteak egitarau berezia aurkeztu du irail honetarako, The culture is dead! lelopean. “Kilometro zero” kulturaren aldeko apustua egin nahi izan dute oraingoan ere, horregatik, Errota auzoko Navarro Villoslada kalean duten guneko oholtzara igoko diren hamar talde eta bakarlarietatik lau hirikoak dira, gainerakoak, berriz, nafarrak, gipuzkoarrak eta katalanak.

Kontzertu hauetaz gain, streaming bidez jarraitu ahal izango diren liburuen aurkezpenek eta argazki erakusketa batek osatzen dute egitaraua.

Elkarteak prentsaurrekoan azaldu duenez, pandemiak bere jarduera baldintzatu eta lokala itxita egon den arren, bertako kideek lanean jarraitu dute. “Pentsa daitekeenaren kontra bazkideen kopurua ehundik gora igo da, eta gero eta gehiago dira punk-rockarekin lotutako kultur ekitaldiak antolatzeko iristen zaizkigun proposamenak. Tinko eusten diogu elkarte honen sorrerako helburuei eta hasieratik egin izan dugun bezala, gure inguruan garatzen diren kultur adierazpen desberdinei gure fideltasuna eskaintzen diogu”.

Irailerako programatu diren ekitaldi guztiak 19:00tatik 22:00etara izango dira, baina edukiera mugatua izango denez, bi emanaldi eskainiko dira: lehena 19:30ean eta bigarrena 20:30ean. Liburuen aurkezpenei dagokienez, streaming bidez eskainiko dira elkartearen sare sozialetatik. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sarrerak ez dira aldez aurretik salduko, leihatilan eskuratu beharko dira, edukiera bete arte.

Egitaraua

– Irailak 3: Leire Zabaleta Doppelganger-en argazki erakusketaren inaugurazioa.

– Irailak 4: Negra cucaracha Terrorfolk talde gasteiztarraren kontzertua.

– Irailak 10: La Rekba talde donostiarraren kontzertua.

– Irailak 11: Patxi Irurzunen Chucherías Herodes liburuaren aurkezpena. Ondoren Dj Rufo Old Tower.

– Irailak 17: Joxe Lacalleren Eskutitz bat bidaltzen badizute liburuaren aurkezpena eta  argazkien erakusketa antimilitarra.

– Irailak 18: Cerveza suicida eta Urkabe taldeen kontzertua.

– Irailak 24: Marta Fontana Martilloren La casa de Verges eta Ivan Hernandezen Doc arritmia, desafecto liburuen aurkezpena.

– Irailak 25: Zero talde gasteiztarraren kontzertua.

Zabaldu: