(argazkia: Durangoko Azoka)

Durangoko Azokak ateak irekiko dizkio publikoari berriz ere

Abenduaren 3tik 8ra izango da aurtengo edizioa. Izen-ematea www.durangokoazoka.eus webgunean egin beharko da, irailaren 19ra arte.

56. Durangoko Azokako izen-ematea gaur zabaldu da. Kulturaren plazan parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile nahiz autoekoizleek irailaren 19ra arte izango dute horretarako epea zabalik eta durangokoazoka.eus webgunetik egin beharko dute eskaera.

Abenduaren 3tik 8ra egingo den edizio berri hau erronkaz beterik datorrela adierazi dute. Aurrez-aurreko Azoka baten aldeko apustua egingo du Gerediaga Elkarteak, Landakon erakusmahaiak jarriz, bisitariak gonbidatuz eta urteroko sortzaile eta kulturzaleen arteko harremanak berreskuratuz, beti ere  momentuko osasun neurrietara egokituz eta segurtasuna bermatuz.

Baina horrez gain, iazko online salmentaren arrakasta ikusita, eta edukiera mugatua izan beharko dela kontutan hartuz,  online dendari ere eustea erabaki dute, “parte-hartzaileei salmentarako aukera gehiago eskainiz eta bertaratu ezin diren kulturzaleei ere erosketa ahalbidetuz”. Beraz, aurten erakusmahaia alokatzen duten eragile guztiek, modu presentzial eta digitalean hartuko dute parte Durangoko Azokan.

Sormen Beka DA! deialdiaren laugarren edizioa zabalik

 Kultur sorkuntza digitala ardatz duen Sormen Bekaren laugarren edizioan parte hartzeko epea zabalik dago eta irailaren 21an itxiko da. 15.000 euroko diru saria jasoko du irabazleak eta Durangoko Azokan emango da honen berri. Deialdiari buruzko informazio zehatza, durangokoazoka.eus webguneko Sormen Beka DA! atalean dago eskuragarri.

Zabaldu: