(argazkia: Leioako Umore Azoka)

Irailaren 16tik 19ra egingo Leioako Umore Azoka

Estreinaldirik egongo ez den arren, ehun emanaldi baino gehiago izango dira.

Euskal Herriko eta kanpoko hainbat herrialdetako 39 konpainia izango dira urtero egiten den Leioako Umore Azokan. Antolatzaileek iragarri dutenez, “ilusioz betetako” programarekin eta egungo egoera pandemikora egokituta dator aurtengo edizioa.

“Gogoa, ilusioa, poza, kitzikapena… berba horietako edozeinek balio du Leioako Umore Azokaren edizio honen aurrean bizi dugun egoera definitzeko. Agian ez da konpainia gehien ekarriko dituena edo nazioartekoena, baina, zalantzarik gabe, bereziena da, pasatu behar izan ditugun inguruabar guztiengatik”, ziurtatu du Iban Rodriguez Etxeberria Leioako alkateak. “Umore Azoka hemen dago eta berme guztiekin ospatuko dela ziurtatu dezakegu”.

Horrela, alkateak gogorarazi du Umore Azoka erronka eta ahalegin ekonomikoa dela urtero hiriarentzat, baina inoiz ez dela zalantzan jarri alderdi askoetatik errentagarria dela erakutsi duen ereduaren jarraipena. “Umore Azoka tokiko ekonomia dinamizatzen duen hiriko ekitaldia baino askoz gehiago da; erreferentzia da, halaber, gure herrialdeko kultur sektorearentzat, eta, gaur inoiz baino gehiago, gizartearen gogoa berreskuratzeko modu bikaina ere bada. Ilusioak gorantz kotizatzea gura dugu”, adierazi du.

Ikuspuntu profesionaletik, Rodriguez Etxeberriak gogorarazi du ekitaldi honetan biltzen dela EAE osoko euskal konpainia gehien –aurten, programazioa osatzen duten 39etatik 22 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoak dira–, eta jaialdi eta azoka profesionala uztartzen dituen bakanetako bat dela. “Lau egun hauetako jarduera ez da kaleetara mugatuko; aldi berean, konpainiek eta profesionalek lan egiteko eta esperientziak partekatzeko gune aproposa izango dute Kultur Leioan”.

39 konpainia eta 100 emanaldi inguru

Programazioari dagokionez, “XXI. edizioa kalitateak eta aniztasunak markatuko dute berriro ere”. Izan ere, Batzorde Artistikoak 400 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu ditu parte hartuko duten konpainiak, eta programa zabala sortu du. Parte hartuko duten 39 konpainiek 94 emanaldi egingo dituzte. Antzerkia, dantza eta zirku garaikidea izango dira ardatz nagusiak, baina “clownaren” umorea, musika, magia, dantza bertikala, txotxongiloak eta ikuskizun piroteknikoa ere izango dira.

Aurten Azoka maiatzetik irailera atzeratu denez, eta, beraz, ikasturte artistikoa oso aurreratuta dagoenez, konpainiek ezin izan dute estreinaldirik aurkeztu Leioako Umore Azokan. Hala ere, aukeratutako ikuskizunen aniztasunak eta kalitateak programazio osoa bermatzen dute, eta nabarmentzekoa da ikus-entzuleek benetan gozatuko dituzten lan ospetsuak egongo direla bertan.

Zabaldu: