Pim Pam Ville Jaialdiaren bosgarren edizioa abiatuko da gaur, Iruñean

Gaur Brocken Brothers Brass Band, Anari eta Guadalupe Plata & Mike Edison igoko dira oholtzara. Bihar, berriz, Brecha, Verde Prato, Ashley Cambell, Les Lullies, eta Les Big Byrd.

Pim Pam Ville Jaialdiaren bosgarren edizioa abiatuko da gaur, Iruñeko Ziudadelan. Ekimena bi egunez luzatuko da eta 19:30ean hasiko dira zuzenekoak. Sarrerak webgunean eskura daitezke.

Jaialdiari hasiera emateko, Broken Brothers Brass Band metal taldea igoko da oholtzara. Taldearen zuzenekoetan jazz garaikide, funk, rap eta groove estiloek bat egiten dute. Bere ibilbidean zehar Berri Txarrak, Cabezafuego, Fermin Muguruza eta Amparanoiarekin, besteak beste, jo izan du.

Anariren txanda izango da ondoren, kantariak indar emozional handiko kantuak sortzen ditu, rock elektriko gordinaz eta hitz landu eta zainduez baliaturik.

Eguneko kartela Guadalupe Platak eta Mike Edisonek itxiko dute. Jaengo Guadalupe Plata taldeak New Yorkeko Mike Edisonekin egin du bat. The devil can’t do you no harm diskoa da batasun horren emaitza.

Jaialdiak bihar izango du jarraipena Brecha taldearekin. Hainbat ekoizlerekin eta modu ezberdinetan grabatutako disko hirukoitza kaleratu du taldeak: La nueva era, Hilario Castiellarekin, La muerte, Guillermo F. Mutiloarekin eta A caballo Axier Beunzarekin.

Ana Arsuaga tolosarrak gidatutako Verde Prato izango da biharko bigarren kontzertua. Kondaira Eder hura du izena bere aurreneko diskoak. Gai minimalistak aurkezten ditu, teklatua eta ahotsa erabiliz, askotan herriko folklorearen tradizioan oinarrituta, abestiaren bidez hitzaren eta airearen arteko batasuna aztertzeko.

Ashley Campbell izango da agertokira igotzen hirugarrena. Kantautorea, abeslaria eta banjo jotzailea da eta hiru rolak country modernoa konposatzeko eta trebetasun handiz interpretatzeko ilusioarekin uztartzen ditu. Country Glen Campbell bere aitarekin batera egindako lanak egin zuen ezagun. Orain bere bakarkako ibilbideari ekin dio.

Jaialdiaren azken txanpan, Les Lullies frantsesek jaioterrian egindako birez gain, beste hainbat herrialdetan ere egon dira, hala nola Belgikan, Herbehereetan, Italian, Portugalen, Erresuma Batuan, Estatu Batuetan, Kanadan eta Estatu espainiarrean.

Aurtengo edizioari amaiera emateko Les Big Byrd taldea igoko da agertokira, Jocke Åhlund eta Frans Johansson suediarrek alegia. Lehenengoa hainbat taldetako kide izan da, hala nola, Teddybears, Caesars eta Smilekoa. Bigarrenak bere baxurako gaitasuna frogatu du Fireside eta The Soundrack Of Our Lives taldeetan, besteak beste. Haiekin batera arituko dira Martin Konie Ehrencrona teklatu jotzailea eta Nino Keller bateria jotzailea.

Zabaldu: