(argazkia: Artium Museoa)

Gasteizko Artium Museoak Jose Felix Gonzalez Placerren ‘Etxegarai’ko Goti’ erakusketa aurkeztu du

Artista arabarrak 1987 eta 1991 urteen artean sorturiko animazio-bideoak bildu dira erakusketa honetarako, artistaren margolan, marrazki eta obra grafikoen testuinguruan.

Etxegarai’ko Goti erakusketak Jose Felix Gonzalez Placerren (Gasteiz, 1951-1991) obratik ibilbide bat proposatzen du, margolan, marrazki, obra grafiko eta, bereziki, animazio-film laburren multzo baten bidez; izan ere, euskal animazio-zinemaren aitzindarietako bat izan zen artista arabarra. Gonzalez Placerren familiak Artium Fundazioari dohaintzan emandako artelan- eta dokumentu-ondare oparoaren parte dira ikusgai dauden obrak.

70eko hamarkadaren erdialdetik bere heriotzara arte, arabarrak ibilbide artistiko oparoa garatu zuen artea-bizitza binomioa modu nahiko ezohikoan uztartuz. Esperimentazio teknikoak, hizkuntzak eta irudikapenak zuzeneko eragina izan zuten artistaren garapen pertsonalean, bere identitate sexualaren aitortzari eta ospakizunari dagokionez, baita, gerora ere, hiesarekin –gaixotasun horrek jota hil zen– bizitzeko estrategiak eta moduak konfiguratzeko garaian. Artistak ikuspegi elitista oroz gabetzen zuen artea, eta izateko eta jarduteko aukerak erakusteko aktibatzen zuen: “Egia, bizitza, interesatzen zait, argi eta garbi”.

Pintura, marrazketa, serigrafia eta argazkilaritza lantzeaz gainera, animazio-filmak ekoitzi zituen, marrazketan izandako jarduera konpultsiboak bultzatuta, eta, hala, Euskal Herrian animazioa arte garaikideko baliabide modura erabili zuen aitzindarietako bat izan zen.

Etxegarai’ko Goti izenburupean, film sorta bat bildu zuen artistak, zeinetan agertzen baitira egunerokotasuneko gorabeherak, koherentziaz, desiraz eta identitateaz jarduteko bitarteko modura erabilita. Francis Bacon, David Hockney, Miro, Picasso eta Joseph Beuys artistei aipamena egiten zaie, haien obren bidez, nahiz zuzenean erretratatuta. Erreferentzia horiek beste erreferentzia herrikoiago batzuekin edo hiri handiko eszenekin uztartzen dira.

Erakusketak 1987 eta 1991 bitartean artistak ekoitzitako animazio-film laburren multzoa biltzen du, baita argitara eman gabeko proiektuen zenbait karpeta, haren ibilbideko etapen eta geroko sendotzearen lekuko diren pintura, obra grafiko eta marrazkiek testuinguruan kokatuak.

Dohaintzan emandako ondare oparoa

Hori guztia, Gonzalez Placer familiak Artium Museoari dohaintzan emandako ondare oparoaren barruan. Aipatu beharra dago orain dohaintzan emandako obra horietako batzuk museoaren biltegietan daudela 2006. urteaz geroztik, urte hartan haren marrazki, pintura eta bideo multzo adierazgarri bati buruz sinatutako gordailutze-akordio bati esker. Eta pieza horietako batzuk hainbat erakusketatan erakusgai jarri izan dira, besteak beste Bildumaren azken aurkezpenean, Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian erakusketan. Erakusketarekin bat etorrita, gainera, argitalpen bat plazaratu du museoak, Jesus Alcaide kritikari eta komisario independentearen saiakera bat oinarri hartuta. Artium Museoaren Bildumaren Zeru bat, hamaika bide erakusketako azterketa-kasu bat da Etxegarai’ko Goti.

Erakusketa Artium Museoko A01 aretoan egongo da ikusgai, 2022ko urtarrilaren 16ra arte.

Zabaldu: