Imanol Larzabal abeslariaren bizitzan oinarrituta ondu du liburua Harkaitz Canok. Joan den astean aurkeztu zuen Donostiako Literaktum jardunaldietan, gaur berriz, hedabideen aurrean egin du.
Lasarteko idazleak nabarmendu duenez, Fakirraren ahotsa (Susa) ez da kronika bat, musikariaren errealitatetik urruntzea erabaki du eta eleberria da eskuartean dakarrena.
Liburuak Imanol Lurgain izeneko pertsonaia du protagonista, 60eko hamarkadan hasi eta kantariaren heriotzeraino bidaia kontatzen du:
Zer egin dohain bat daukazunean? Erabili, munduari eskaini, eta, trukean, inoren arreta jasotzera ohitu. Horixe egiten du Imanol Lurgainek bere ahotsarekin kantagintza konprometitua besarkatu eta frankismoaren kontra borrokan hasten denean. Garai horretan jasoko du bigarren larru izango duen goitizena: Fakirra.
Baina ahotsa urteekin legez, aldatuz joango da bere ikuspegia, bai eta bidaideekiko harremana ere. Borroka armatua, klandestinitatea, erbeste paristarra…, mundua iraultzen saiatu zen belaunaldi baten erretratua da lau hamarkadatan luzatzen den nobela hau, sortzailearen hauskortasuna, musikaren ahalmen katartikoa, bizitza bohemioa eta denboraren igaro lasterra bezalako gaiei buruzko hausnarketaz betea eta errealitateari maileguan hartutako pasarte eta pertsonaiez josia.
Zuzia irenstean erretzen ez dena da Fakirra; minari eztarrian behera bultzatzen diona. Zer dauka, ordea, esateko? Zein da bere benetako ahotsa?