( argazkia: Euskal Kultur Erakundea)

Haur eta gazteak euskal literaturara erakartzeko lehen liburu azoka egingo dute asteburuan, Saran

Ikusi Mikusi azokan ikuskizunak, tailerrak, idazle eta ilustratzaileekin topaketak, Euskal Herriko argitaletxe guztien presentzia eta irakurraldi musikatuak izango dira, besteak beste.

Sarako Idazleen Biltzarraren 38. edizioa urriaren 8tik 11ra egingo dute, ezohiko datetan, koronabirusaren pandemiaren ondorioz. Aurtengo Biltzarrak berritasun bat dakar: Ikusi Mikusi, haur eta gazte literaturaren azoka.

Ikusi Mikusi euskal haur eta literatura azoka Galtzagorri Elkarteak, Kiribil konpainiak eta Pamiela argitaletxeak elkarlanean antolatutako egitasmoa da. Lehen edizioa iaz egitekoak ziren, baina, Covid-19ak sortutako osasun-krisiak eraginda bertan behera utzi behar izan zuten. “Aurten, proiektuari berriro heldu diogu euskarazko haur eta gazte literaturak berariazko azoka izatea garrantzitsua dela sinetsita gaudelako”.

Ostiralean eta larunbatean egingo dute azoka eta osasunari dagokionez, segurtasun neurri guztiak bermatuta egongo direla jakinarazi dute. Espazioa haur eta gazteentzako jarduerak eta ikuskizunak egiteko izango da. Halaber, Euskal Herriko literatura arloko profesionalak bertan izango dira: argitaletxeak, idazleak, ilustratzaileak, liburu saltzaileak, liburuzainak, ipuin kontalariak eta artistak oro har.

“Ostiralean Eskola Eguna egingo dugu eta larunbatean Familien Eguna”, zehaztu dute. Eskola Egunean ikasleek euskaraz idatzitako liburuen berri eta idazleak zein ilustratzaileak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute, baita ikuskizunekin nahiz sortzaileen aurkezpenekin gozatzeko parada ere. Gainera, ikasleek eskolan sortutako lanak erakusteko plaza izango dute.

Egitaraua, hemen.

Sarako Idazleen Biltzarra

Urriaren 10ean, igandea, ohiko azoka izango da Sarako kiroldegian: argitaletxeen salmenta postuak eta liburuen aurkezpenekin.

Azkenik, urriaren 11an, astelehena, liburugintzako profesionalei zuzendutako eguna antolatu da. Gaia: Emazteak eta euskal literatura. Kari horretara, Sarako Biltzarra, Bilketa Sarea, Euskal Kultur Erakundea eta Biblio64 elkarteek mahainguru, solasaldi, aurkezpen eta irakurketa antzeztua antolatu dituzte. Bigarren egun hau argitaletxe, liburu saltzaile, liburuzain, idazle, irakasle, itzultzaile edota ikasleentzat zuzenduta egongo da.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu: